EUSKADI.-Bilboko Merkataritza Ganberak "Enpresa Leihatila" jarri du martxan enpresak sortzen laguntzeko

Actualizado: miércoles, 1 abril 2009 15:13

BILBO, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Merkataritza Ganberak Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatu ondoren, "Enpresa Leihatila" jarri du martxan gaurtik aurrera, enpresen sorrerak laguntzen jarraitzeko asmoz.

"Enpresak sortzen jarraitzea da erakunde guztien lehentasunezko helburua. Arlo horretan emaitza hobeak lortzeko, beharrezkoa da ahaleginak bateratzea Administrazio Publikoen eta agente sozial eta ekonomikoen artean", adierazi dute prentsa ohar batean merkataritza ganberako arduradunek.

Ekimen honen helburua da enpresak sortzea eta horretarako behar diren administrazio tramiteak erraztea. Bilboko Merkataritza Ganberak 4.500 pertsona ekintzaileri lagundu die 1999tik, eta orain, etapa berri bat hasi du, "Enpresa Leihatila" ezarriz. Egitasmoak informazio, arreta eta administrazio tramiteen zerbitzu integratu bat eskainiko du enpresak eta, batez ere, enpresa txiki eta ertainak sortzera bideratura egongo dena.

Enpresa bat erraz eta ahalik eta azkarren sortu nahi duten Bizkaiko pertsona ekintzaile guztiek Bilboko Merkataritza Ganberara jo dezakete. Erakundeak "esperientzia eta jakintza handia du" enpresa sektorearen kezka, eskaera eta beharren inguruan, eta, beraz, "erakunde egokia da negozio berriak bideratzeko".

Era berean, erakunde arteko lankidetza oinarri harturik, Administrazio Publikoak (Estatuko Administrazio Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoa, foru aldundiak eta tokiko erakundeak) enpresak sortzeko prozesua bizkortzera konprometitu dira, horretarako bidea erraztuz eta administrazio tramiteak sinplifikatzeko formulak ezarriz.

Bilboko Merkataritza Ganberak sustatzaileak aholkatu eta bideratuko ditu honako arlo hauetan: enpresak sortzeko laguntzak, finantzaketa, tramiteak, kokapena, merkatua, prestakuntza, dokumentazioa eta abar, hots, enpresa berri bat abiarazteko eskura duen informazio guztia eskainiko du. Gainera, enpresa-jarduerak garatzeko egin beharreko tramiteen jarraipena ere egingo du.