EUSKADI.-Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak babesturiko alokairuko 173 etxebizitza berri eraikiko ditu Miribilla auzoan

Actualizado: miércoles, 18 febrero 2009 14:46

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak sendotu egingo du Miribilla auzoan daukan presentzia eta etxebizitza bloke berri bi eraikiko ditu. Guztira, 173 etxebizitza berri egongo dira bertan, eta oso-osorik alokairu babestura egongo dira zuzenduta. Etxebizitza bloke berriak Miribillako parkearen inguruetan eraikiko dira, Agarre eta San Luis Meategia kaleen artean. Ekipamendu horiek amaitzean, 2011n, Udal Etxebizitzak erakundeak 400dik gora etxebizitza izango ditu auzoan.

"Gure helburua da udal etxebizitzen parke zabala izatea Bilboko barruti guztietan. Miribilla hiriko auzorik gazteena da eta, azken urteotan, populazioari dagokionez gehien hazi dena. Beraz, gure presentzia bat etorri behar da errealitate horrekin", adierazi du Udal Etxebizitzak erakundearen presidente eta Bilboko Udaleko alkateorde Julia Madrazok gaur goizean, udal erakundeko teknikariekin batera inguru horretara egin duen bisitan.

Lan Ekintza sozietatearen Urtekari Sozioekonomikoaren arabera, Miribilla da azken urteotan populazio aldetik Bilbon gehien hazi den lekuetako bat, eta dagoeneko 10.000 biztanle ditu. Bilboko Udal Etxebizitzak erakundea auzoaren sorreratik dago Miribillan; 2005ean, 62 etxebizitza eta hamar lokal eskuratu zituen (gaur egun, denak daude alokairu babestuan), 1,9 milioi euroko inbertsioa eginez.

Aurten, parkearen inguruan, 173 etxebizitza berriren eraikuntza lanak hasiko dira, bi bloketan banatuta. Eraikuntza proiektua Alonso Saezmiera & Gonzalez Ayo eta Aurrekoetxea & Bazkideak arkitektura-estudioek osatutako aldi baterako enpresen loturari esleitu zaio. Sustapenaren inbertsio osoa 14,7 milioi eurokoa izango da.

ANBULATORIOA 2011N

Etxebizitza babestuez, garajeez eta lokal komertzialez gain, higiezinetako batean Osasun Zentroa egongo da. Hain zuzen ere, Miribillako lehenengo Osasun Zentroa izango da, eta Udal Etxebizitzak erakundearen bloke horren beheko solairuan kokatuko da. Osasun arloko ekipamenduaren eraikuntza etxebizitzen eraikuntzarekiko modu paraleloan egingo da, eta, beraz, anbulatorioa 2011n jarriko da martxan.

"Etxebizitza berriek lehen mailako azpiegitura batekin konpartituko dute espazioa. Izan ere, Miribillak espazio hori behar zuen, eta inguruan bizi diren pertsonek ere gogo biziz itxaroten zuten. Modu horretan, etorkizunean ez dira auzotik urrun dauden beste osasun zentro batzuetara joan beharko, gaur egun gertatzen den moduan", azaldu du Julia Madrazok.

Anbulatorioak Familiako Medikuntzako eta Pediatriako zerbitzuak emango ditu, bai eta Ginekologia eta Obstetrizia, Traumatologia, Urologia, Digestio, Kardiologia, Dermatologia eta Errehabilitazio espezialitateetako zerbitzuak ere. Guztira, 2.000 metro koadroko azalera izango du. San Luis Meategia kaletik (Miribillako parkearen paretik) sartu ahal izango da bertara, eta zenbait garaje-plaza izango ditu.