EUSKADI.-Bilboko udal liburutegiek marrazki lehiaketa batekin ospatuko dute Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

Actualizado: lunes, 23 marzo 2009 12:12

BILBO, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Liburutegien Sareak 4 eta 13 urte bitarteko umeei zuzendutako marrazki lehiaketa batekin ospatuko du gaurtik Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna. "Zeu margolari" ekimeneko parte-hartzaileek Begoña, Deustu eta Zorrotzako udaltegietan marraztu eta aurkeztu beharko dituzte euren "sormen artistikoak".

Parte hartzeko etxeko txikienek liburutegi hauetan egin beharko dituzte marrazkiak, ipuinetako pertsonaiak izan, eleberrietakoak zein komikietakoak izan: Txanogorritxu, Harry Poter, Kika Supersorgina, Geronimo Stilton, Mortadelo eta Filemon edo Argitxo.

Horrela, gaur hasi eta apirilaren 1era bitartean, aipatutako liburutegietako sarreran jarriko diren kutxetan sartu beharko dira marrazkiak, eta hauetan, artista txikiaren izena, adina eta telefono zenbakia jarri beharko da.

Parte hartzeagatik, haur guztiek jasoko dute euren oparia, eta apirilaren 2an, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean, marrazki hoberenen sariak banatuko dira.

Bilboko Udal Liburutegien Sarea 14 egoitzek osatzen dute, euskarri ezberdinen bidez (liburuak, aldizkariak, bideoak, CD-ROMak, DVDak) 300.000 bolumenen bilduma eskaintzen dizkiotenak herritarrari, gai esparru guztiak eta uneoro eguneratuak izanik. Gainera, era guztietako ekimen kulturalak antolatzen dituzte, hitzaldiak edo ikastaroak, besteak beste. Sare hau, Deustuko liburutegiak, San Inaziokoak, Zurbaranbarrikoak, San Franziskokoak, Zabalakoak, BilbaoMusikakoak, eta Irala, Errekalde eta Zorrotzakoak osatzen dute.