EUSKADI.-Bilboko Udal Musika Bandako zuzendaria WASBE munduko musika banden elkarte nagusiko zuzendaritzako kide izendatu dute

Actualizado: miércoles, 8 julio 2009 14:47

BILBO, 8 Jul. (EUROPA PRESS) -

Rafael Sanz-Espert Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra WABE World Association for Symphonic Bands and Ensembles elkarteko zuzendaritza kontseiluko kidea izendatu dute Cincinnatin (AEB) aste honetan egin den biltzarrean, eta sei urtez beteko du ardura. Munduko 50 bat herrialdetako musika banden profesionalek eta zaletuek osatutako elkartea da WASBE.

Elkarteko 1.200 kideek urte batez egin duten hautaketa prozesu luze batez izendatua izan da Sanz-Espert, kontseiluan sartzeko zortzi izenetatik bera izanik bozka gehien lortu dituena. Aste honetatik aurrera, Sanz-Espert WASBE Board of Directors elkartearen kontseiluko 12 kideetako bat da, elkarte honen jarduera guztiak koordinatzen dituena, beka eta prestakuntza trukeetarako baimenetatik hasi eta ikastaro eta kontzertuen antolakuntzara arte.

Banda zuzendariak, konpositoreak, instrumentistak, editoreak, musika hezitzaileak, musika tresnak egiten dituztenak eta musika zaletuak dira WASBE osatzen dutenak. Airezko musika banda eta interpreteak hobetzeko interesa duen pertsona ororentzat zabalik dagoen elkartea da, gobernuz kanpokoa eta etekin edo irabazi asmorik gabekoa.

Kidea izateko izena ematea besterik ez da egin behar dagokion herrialdeko elkartearen atalean edo WASBE bertan. Bi urtetik behin batzen da elkartea bere zuzendaritza berriztatzeko eta urtero Chicagoko Midwest Clinic hirian, munduko musika banden biltzar handiena eratuz.

Rafael Sanz-Espert (Llombai, Valencia, 1960) 1987tik da elkarte honetako kide. 2002tik Bilboko Musika Bandako zuzendari titularra denak, Valentzian, Parisen eta Rotterdam egin zituen bere ikasketak. Valentziako izen oneko banda batzuetako zuzendari titularra eta zuzendari artistikoa izan da eta 30 urtez, horietan, jarduera pedagogiko handia izan du.

Sari garrantzitsuak eskuratu ditu, hala nola, "Ciudad de Valencia" musika-bandentzako nazioarteko lehiaketako ohorezko atalean, zenbait aipamen eta lehen sari. Gainera, zuzendaritza onenarentzako aparteko saria ere irabazi zuen. Valentzia Hiriko urrezkoa eta Arte Eder Kolektiboen urrezko dominaren jabe da. Momentu honetan Paraguaiko Nazional Orkestra Sinfonikoko ohiko zuzendari gonbidatua eta Bilboko Udal Bandako zuzendari titularra da.