EUSKADI.-Bilboko Udalak Artxandako txakurtegiko instalazio berriztatuak inauguratu ditu, 500.000 euro inbertitu ondoren

Actualizado: jueves, 7 enero 2010 13:49

BILBO, 7 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Artxandako Udal Txakurtegiko instalazioak berriztatu ditu eta zerbitzurako eraikin berria egin du. Aurretik, Udal Txakurtegia animaliak babesteko elkarte batek kudeatzen zuen, bi erakunderen arteko lankidetza-hitzarmenaren arabera. Obra guztiak egiteko sei hilabete eta erdi behar izan dira, eta 500.000 euro inguruko inbertsioa egin da.

Txakurren zerbitzuko instalazio berrietan, solairu bakarreko eraikin berria eta egungo erabileretarako egokiak diren txakurtegi eta instalazio osagarriak egin dira. Pixkanaka-pixkanaka, Sabino Arana etorbidean dauden egungo instalazioak kentzen joango dira, zaharkituta eta hiria etorkizunean hedatzeko zonalde batean daudelako.

Aurreko instalazioak egoera txarrean zeudenez, eta txakurtegi berria indarrean dagoen araudira egokitzeko, eraikin nagusia ez ezik, bigarren eraikinak eta oso hondatuta zeuden txakurtegiak ere bota behar izan dira.

Artxandako txakurtegiaren instalazioak eta azpiegiturak Udalarenak dira. Partzelak 3.200 metro koadro ditu, eta hesiarekin itxita dago. Artxanda mendiaren hegalean dago, Saratxe bidearen ondoan, Txorierri aldera begira. Tamaina eta kokapena medio, leku aproposa da animaliak zaintzeko eta egoteko.

Eraikin nagusiaren zati batean bulegoak eta albaitari-zerbitzuak jarriko dira. Eraikinaren harreratik albaitarien bi bulegotara eta langileen aldagela eta komunetara joan daiteke. Era berean, kontsulta bat, kirofanoa, ospitaleratze eta behaketa zona eta garbitzeko tresnak gordetzeko biltegia daude.

Udal Txakurtegiko instalazioetan, hamar ibilgailu aparkatzeko aparkalekua ere badago, langileentzat zein bisitarientzat. Halaber, hondakin-uren araztegi berria jarri da, ingurunea kutsatzeko aukera modu eraginkorrean saihestearren.

Halaber, estalitako 40 txakurtegi edo txenil eraiki dira. Horiez gain, espazio zabalak jarri dira animaliak ibiltzeko, hesi metalikoarekin zatituta; beraz, zerbitzuaren gaur egungo instalazioak hobetu egingo dira kopuru eta espazioari dagokienean.

Txakur-etxola bakoitzak barrualde estalia du, angeluzuzen formakoa, zabaleran 1,20 metro eta luzeran 1,80 metro dituena. Era berean, kanpoan txakurra aire librean egoteko espazioa ere badu, zabaleran 1,20 metro eta luzeran 2,00 metrokoa. Barrualdea eta kanpoaldea komunikatzeko 40x60 zentimetroko zulo txikia ataska metalikoarekin itxi daiteke. Unitate bakoitzean edaten eta jaten emateko zerbitzu automatikoak ezarri dira.

Bestalde, beste leku batean katuentzako hiru barruti prestatu dira. Barruti horrek barrualdea estalia du eta kanpoaldea estali gabea, baina alde guztietatik sare metalikoarekin itxia, baita gainean ere teilatu modura, animaliek alde egin ez dezaten.

Obra Toki Inbertsiorako Estatuko Funtsak finantzaturiko "Bilbo, Inbertsio eta Enplegu Plana 2009"-ren 59 proiekturen artean dago. Bilbok 62.506.591 euroko aurrekontua du, batez ere azpiegiturak, auzoak eta komertzioak hobetzeko.