BILBO 19 Nov. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udaleko Euskara Sailak, Lan Ekintza udal sozietatearekin eta Bilbao Dendak elkartearekin elkarlanean, "Biribilko: el euskera amable. Orain bai. Horrela bai" izeneko kanpaina jarri du martxan, Bilboko merkataritzan euskararen normalizazioa sustatzeko asmoz.
Euskararen erabilera normalizatzeko prozesua hiriko merkataritzan bultzatzea xede duen "Biribilko" proiektuaren barruan dago kanpaina, eskaintzaren eta eskariaren arteko merkataritza komunikazioan euskara presente egon dadin saiatuz. Siadeco enpresa arduratu da proiektuaren diseinuaz eta garapen teknikoaz.
Ekimenaren helburua "Biribilko" Bilboko gizarteari aurkeztea da, eta zehazkiago, hiriko merkataritzako hartu-emanetan euskara erabiltzera gonbidatzea, beti ere adeitasunez, eta horrekin batera, merkataritza establezimenduetan lanean ari diren pertsonei zuzendutako euskara ikastaroen eskaintza sustatzea.
Horrela, bada, kanpaina hiriko merkataritza eskaintzari eta eskariari zuzenduta dago. Eskariari dagokionez, helburu nagusia "Biribilko"-ren irudiaren inguruan eta "Biribilko"-ren atzean dauden faktoreen inguruan sentsibilizazioa lantzera zuzendutako informazioa eskaintzea da.
Eskaintzari dagokionez, berriz, Bilboko Udala HABE erakundearekin elkarlanean hiriko merkataritza establezimenduei zuzenduta antolatzen ari den euskara ikastaroen eskaintzari buruzko informazio zuzena ematea da helburu nagusia.
Bilboko merkataritzaren sektorearen egoera soziolinguistikoaren azterketak euskarak merkataritza-harremanen berezko ezaugarriei erantzun behar diela erakusten du, eta adeitasuna da, hain zuzen ere, salerosketa ekintza gustura egin izanaren erakusgarri nagusietakoa.
Bilboko eta bere inguruneko errealitate soziolinguistikoaren bilakaerak erakusten du euskaldunen kopurua gero eta handiagoa dela eta merkataritzak egoera horretara moldatu beharra duela. Horrela,
Bilbon eta bere inguruan gero eta euskal hiztun gehiago dago: Bilbon 165.000 pasatxo dira euskaraz dakiten edo ulertzen duten pertsonak; 410.000, Bilboko metropoli-barrutia kontuan hartuz gero.
"Biribilko"-k bildutako azken datuen arabera, merkataritzako bezero potentzialen %60 inguruk uste du komertzioan euskara erabiltzeak merkataritzako zerbitzuaren irudia eta kalitatea hobetzen lagundu dezakeela. "Biribilko"-k hiriko bi merkataritza-gunetan (Erdigunean eta Santutxu inguruan) egindako ikerketa pilotuak gauza bera berresten du.