EUSKADI.-Bilboko Udalak eta Topaguneak euskarazko 30 ikuskizun baino gehiago antolatu dituzte "Ikusi eta Ikasi" ekimenaren baitan

Actualizado: martes, 12 enero 2010 14:09

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Guztira 30 ikuskizun baino gehiagok osatzen dute "Ikusi eta Ikasi" programaren aurtengo edizioa. Bilboko Udaleko Euskara Sailak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren lankidetzarekin martxan jartzen duen "Ikusi eta Ikasi" umeentzako euskara hutsezko ekitaldi programaren seigarren ekitaldia izango da aurtengoa. Ekimenak aisia, kultura eta heziketa uztartzen ditu, eta 3 eta 12 urte arteko umeei egokitutako ikuskizun interesgarriak antolatzen ditu, hala nola antzerkia, ipuin kontalariak, txotxongiloak, magia edo pailazoak.

Emanaldiak Begoñako eta Deustuko udaltegietan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbarango ikastetxeetan egingo dira, gaur bertan hasi eta martxoaren 13ra bitartean. Bestalde, bi gune berri izango dira aurtengo egitarauan: El Karmen Aretoa eta San Frantziskoko Udaltegia.

Antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, kultur eskaintza honen helburu nagusia Bilboko haurren artean euskararen erabilera euren aisialdian sustatzea da. Halaber, "Ikusi eta Ikasi" programak haurren artean bidezko heziketa, parte-hartzea eta sormena bultzatzea bilatzen du.

Bigarren urtez, gurasoei zuzendutako sentiberatze hitzaldiak eta tailerrak ere garatuko dira seme-alaben hizkuntza ohituretan eragitera eta umeei eskolako lanetan gurasoek zelan lagundu aztertzera bideratuta. Pasa den urtean tailer hauetan parte hartu zuten 260 gurasoek ekimen honen arrakasta bermatzen dute.

Bestalde, Antton Irustak gurasoei zuzendutako ipuin kontaketa tailerra eskainiko du; bertan, ipuinen eta ahozko adierazpenaren balore hezitzaileak aurkeztuko dira. Parte-hartzea errazteko hitzaldiak haurrentzako ikuskizunak gauzatuko diren udaltegi eta ordutegi berean egingo dira.

Edizio honetako beste berrikuntza bat "Jolasen Txokoa" da. Ekimena haur eta gurasoei zuzenduriko erakusketa dinamiko bat da. Bertan, euskarazko mahai-joko, jostailu, ipuin, DVD eta joko elektrikoak egongo dira erakusgai. Adituak diren dinamizatzaileen eskutik, parte-hartzaileek joko hauekin gozatzeko hainbat aukera erraz eta dibertigarri ezagutuko dituzte.

Lehen edizioaz geroztik, "Ikusi eta Ikasi" programak izan duen partaidetzari dagokion kopurua etengabe hazten joan da. Horrela, lehenengo edizioan 1.031 haur eta gaztetxo hurreratu ziren ekimenaren baitan antolatutako ekitaldietara; 2006an, 3.962 izan ziren; 2007an, 7.895; 2008an, 10.950, eta 2009an, 10.960.