EUSKADI.-Bilboko Udalak "Itsasadarraren Bazterrak" antolatu du larunbaterako, sei zirkuituk osatutako ibilaldia

Actualizado: miércoles, 13 mayo 2009 13:49

BILBO, 13 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak, "Ibiltarien Sarea" programaren barruan, "Itsasadarraren Bazterrak 2009" delako ibilaldia egingo du larunbatean. Ibilaldia hiri osoan zehar antolatutako sei zirkuitu desberdinez osatuta dago. Ibilaldia 10:00etatik 13:30etara bitartean egingo da, eta bertan parte hartu nahi duten guztiei irekita dago, bai eta Hirugarren Adinean Osasuna Sustatzeko Programako partaideei eta Ibiltarien Sareko kideei ere.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, programako koordinatzaileek eta hamar monitorek gidatuko dituzte parte-hartzaileak, jarduerak dinamizatu eta laguntza eta sostengua eskaintzeko asmoz, oinetakoei, tiramenduei eta hidratazioari dagozkion gomendioak ere emanez, besteak beste.

Sei zirkuituak hiriko gune desberdinetan kokatuta daude. Jardunaldia behar bezala garatzeko, parte-hartzaileekiko hitzorduak ibilaldiko leku desberdinetan antolatu dira, monitoreak aldean dituztela. Horrela, bertaratutakoek Itsasadarreko bi aldeetan banatuta parte hartu ahal izango dute programatutako jardueretan. Geltoki guztien artean, zazpi kilometro inguruko ibilbidea osatuko da.

Hauxe da ibilaldiaren programa osoa: Geltoki Biko Gimnasia zirkuitua, Pio Baroja Plazan eta Zubi Zuriaren ondoan; Tai Ji geltokia, Guggenheim Museoaren ondoan (Rubialen omenezko monumentuan); Dantza Koreografiatuak, Euskalduna jauregiaren atzealdeko pergolan; lau ariketako trebezia zirkuitua, patinatzeko pistaren ondoan, Deustuko kiroldeagiaren parean; eta bolo txapelketa, patinatzeko pistaren ondoan, saskibaloi kantxetan.

Jardunaldia amaitutakoan, elastikoak banatuko dira parte-hartzaileen artean, eta horrekin batera, omenaldi berezia eskainiko zaie programako bost pertsonarik adinekoenei, esker oneko diploma eta opari bana emanez.