EUSKADI.-Bilboko Udalak jantoki sozialetarako diru-laguntzak igoko ditu 609.000 eurora iritsi arte

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 14:29

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak hiriko hiru jantoki sozialei ematen zaizkien diru-laguntzak igoko ditu eta 609.000 eurora iritsiko da, hau da, iaz baino 134.000 euro gehiago. Zentro horietan 358 bazkari eta 208 afari ematen dira egunero.

Udal bilbotarretik adierazi dutenez, baliabiderik gabeko pertsonen oinarrizko beharrizanetako bat da elikadura eta Gizarte Ekintza Sailak etxerik gabeko pertsonentzako esku-hartze sozialeko oinarrizko programaren bidez erantzuten dio.

Egunero ematen diren 358 bazkari eta 208 afariez gain, Elexabarriko Udal Aterpetxeak 100 gosari, bazkari eta afari ematen dizkie etxerik gabe eta zentro horretan dauden pertsonei. Horrela, hiru jantoki sozialek eta Elexabarriko Aterpetxeak 131.232 bazkari eta 86.101 afari eman zituzten iaz.

Diruz lagundutako hiru jantokiek 3.965 pertsona desberdinei eman zieten jaten 2009an; horietatik, 553 emakumezkoak ziren. Jantokien batez besteko okupazioa %89,4koa izan zen egunero. Jatorriaren arabera, erabiltzaileen %24,7 Estatukoak izan ziren, %46,7 Magrebekoak, %5,1 Europar Batasuneko herrialdeetakoak eta %23,3 beste jatorri batzuetakoak.

Jantoki guztietan dago, gutxienez, gizarte-hezitzaile bat. Langile horren betebeharra da zerbitzu horretara joaten diren pertsonen gizarteratzea erraztea eta etxerik gabeko pertsonei laguntzeko dauden udal programei buruzko informazioa ematea.

Jantoki horietara sartu ahal izateko, erabiltzaileek txartel bat aurkeztu behar dute. Txartel hori Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuan eskatu behar da, eta hauek dira baliabide hori eskuratzeko baldintzak: 18 eta 65 urte bitartekoa izatea, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta baino diru-sarrera txikiagoak edukitzea, eta jantokien funtzionamendurako arauak onartzeko agiria sinatzea.

65 urtetik gorako pertsonak salbuespenez joan daitezke jantoki sozialetara, gizarte zerbitzuen sareak euren beharrizanei gehiago egokitzen den alternatiba bat bilatzen dien bitartean. Era berean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta daukaten pertsonak ere salbuespenez joan daitezke, ez daukatelako janaria prestatzeko espaziorik, edo sukaldean aritzeko zailtasun fisikoak edo psikikoak dauzkatenean. Jantokietan jan dezakete euren kasurako aukera egokiagoa aurkitu arte.

Bilboko jantoki sozialik handiena Apostolicas da, Cáritas Diocesanas elkarteak kudeatuta; Manuel Allende kaleko 10ean dago, egunero 200 jatordu zerbitzen ditu eta ez du afaririk ematen. Frantziskotarren jantokia Iralabarriko Jantokiaren Elkarteak kudeatzen du; 108 bazkari eta beste hainbeste afari ematen ditu eta Irala kaleko 8an dago.

Azkenik, Conde de Aresti jantokiaren kudeaketa Residencia Conde de Aresti Karitateko Bizkaiko Fundazioari dagokio; 50 bazkari eta 100 afari ematen ditu, dutxa eta arropategia dauzka, eta Bruno Mauricio Zabala kaleko 2an dago.