EUSKADI.-Bilboko Udalak Jet Lag Bio hiri-adierazpenetan oinarritzen den programa jarri du berriro martxan

Actualizado: viernes, 12 febrero 2010 17:31

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak gazteei zuzenduriko Jet Lag Bio programa jarri du abian berriro. Ekimen honek Bilbo, Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghaiko hiri-adierazpenak ditu oinarri, eta horretarako, deialdi irekia egin du sei blogger aukeratzeko.

Blogger-ok Blog Hiriak 10 delakoa dinamizatuko dute, hain justu, Jet Lag Bio 2.0 espazioetako bat. Espazio horretan, gazteek adierazpenen gainean dituzten ikuspegiak islatu ahal izango dituzte. Halaber, gazteen kolektibo ezberdinek gainerako gazteei aipatutako sei hiriei buruzko ikusmolde gazte eta anitza hurbilaraziko diete, eta modu aktiboan arituko dira Jet Lag Bio jaialdia eraikitzen.

Bilboko Udalak Jet Lag Bio jaialdiaren egitaraua berriro diseinatu du, prozesu ezberdinak bereizte aldera. Jet Lag Bio ekimen moduan abiarazi da, gazteek urte osoan zehar euren ideiak adierazi eta jarduerak garatu ditzaten, hitzordu eta ekitaldi ezberdinen bitartez. Programa jaialdi batekin bukatuko da, ekimen hau hasi zenetik egingo den hirugarrena, alegia. Jaialdiak Jet Lag Fest du izena, eta, bertan, hilabeteotan Jet Lag Bio-n gazteek garatutako ekimen guztiak islatuko dira.

SEI GAZTEREN BILA

Halaber, Jet Lag Bio komunikazio gaitasuna duten sei gazteren bila dabil, berriro ere 2.0 espazioaren alde egiteko, Blog Hiriak proiektuarekin. Espazio honek blogger ezberdinek jaialdiko sei hirietako gazteei eta euren adierazteko moduari buruz biltzen duten informazioa bideratuko du. Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak deialdi berria egin du blog horiek dinamizatzeaz arduratuko diren sei pertsona hautatzeko.

Hautatuok, halaber, jende gazteak eta kolektibo gazteek adierazteko duten moduari buruzko ikuspegi ezberdina emango dute; gainerakoei hiriak eta hango gazteak hurbilaraztea, eta azaltzea zer den egiten dutena, nola bizi diren, nola adierazten diren; Bilboko gazteak beste 2.0 espazioetako pertsona eta gazte kolektiboekin harremanetan jartzea, hots, Bilbao, Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghaikoekin; eta, azkenik, Jet Lag Bio eta Jet Lag Fest ekimenak gauzatzen eta zabaltzen laguntzea.

Hautaketa prozesu irekiz egin da, eta 18 eta 35 urte bitarteko gazte interesatu guztiei zuzendurik dago. Banakako nahiz taldekako hautagaiak aurkez daitezke. Plaza horietako bat eskuratzeko interesa duten pertsonek, otsailaren 23a baino lehen, euren argazkia duen curriculuma bidali beharko dute ondoko helbidera: info@bilbaojetlag.net.

Curriculumean ondokoak hartuko dira kontuan: eskarmentu profesionala (izatekotan, baina ez da nahitaezko baldintza), bidaietan lortutako esperientzia (bereziki, jaialdian parte hartzen duten hiriekin lotura baldin badauka), hizkuntzak, zaletasunak eta kezkak, 2.0 munduan eta sare sozialetan daukan esperientzia eta, batez ere, blogean argitaratuko lukeenaren buruzko zenbait orientabide azaltzea. Azkenik, Jet Lag Bio 10 ekimenari buruzko post bat ere izan beharko du, edo euskaraz nahiz gaztelaniaz egindako hiri-adierazpen gazteak.