EUSKADI.-Bilboko Udalak zazpi egunez itxiko du oinezkoentzat Deustuko Zubia gaurtik, zaharberritze lanak direla eta

Actualizado: miércoles, 22 julio 2009 12:16

BILBO, 22 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak zazpi egunez itxiko du oinezkoentzat Deustuko Zubia gaur hasita, zubian egiten ari diren zaharberritze lanak direla eta, Udal bilbotarretik jakinarazi dutenez.

Denborak gehien zahartutako Deustuko Zubiko zatiak berritzeko lanak "erritmo onean" doazela azpimarratu dute Bilboko Udaletik. Detektatu diren akatsek denborarekin eta Bilboko itsas-inguruarekin erlazionatu dira, azken hori oso kaltegarria baita metalezko egitura zaharrentzat.

Lanak joan den ekainean hasi ziren eta abuztuaren erdialdera arte luzatuko dira, udan hiriko erdigunera sartzeko bide garrantzitsu honetatik ibilgailu eta oinezko gutxiago igarotzen direla aprobetxatzeko.

Konponketak egin dira jada zubiaren zati mugikorren eta finkoen arteko loturetan, eta pieza kaltetuen ordez altzairuzko elementu berriak jarri dira. Zubiaren bi orri mugikorren arteko lotunean dagoen morroilo-mekanismoa ere hartu du konponketak, eta berreginda dago jadanik.

Konpontze-lanek aurreikusitako erritmora jarraitzen dute eta langileak kulata-junturako buruak nahiz buru-hormak berregiten ari dira orain. Korrosio handia zuten eta, zubiaren segurtasun orokorrari eragiten ez zioten arren, istripuren bat sor zezaketen. Haga nagusien buruak ere konpontzen eta gaitzen ari dira, baita bielak eta zubiaren baranda-egitura osoa ere. Era berean, zoladura osoa konpontzen ari da, zubia berriz trafikorako ireki ostean ibilgailuentzat irisgarriago bihurtzeko.