EUSKADI.-Bilboko Udalak zozketa bidez banatuko ditu AC/DC taldearen BECeko kontzerturako dituen 70 gonbidapenak, martxoaren 23an

Actualizado: miércoles, 11 marzo 2009 14:00

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak 70 gonbidapen zozkatuko ditu AC/DC rock talde australiar mitikoak datorren apirilaren 4an BECeko Bizkaia Arena pabiloian emango duen kontzertura joateko. Lagun bakoitzeko bina sarrera banatuko dira, guztira 35 lagunek saria jasoko dutelarik.

Zozketa martxoaren 23an egingo da eta bertan parte hartzeko nahikoa izango da Bilbon erroldatua egotea, 16 urte edo gehiago izatea eta Udalaren webgunean (www.bilbao.net) izena emateko dagoen formularioa betetzea. Aipatu formulario horretan honako datuak eman beharko dira: izen-abizenak, jaiotze-data, nortasun agiriaren zenbakia eta telefono zenbakia.

Webgunean izena emateko epea ostiral honetan hasi eta datorren astelehenean amaituko da, biak barne. Ondoren, aurkeztutako eskariak baliatu eta Bilbon erroldatuta ez daudenenak eta 16 urtetik beherakoenak bertan behera utziko dira.

Zozketa egin eta gero -hilaren 23an, 12:00etan, Bilboko Udalaren prentsa aretoan, notario aurrean-, saritutako 35 lagunei telefono bidez jakinaraziko zaie euren gonbidapenak jasotzera joan daitezen.

Horrez gain, parte hartu duten guztiek sarituak izan diren ikuskatzeko aukera izango dute Udalaren webgunean; horretarako, beharrezkoa izango da norberaren nortasun agiriaren zenbakia sartzea.

Gonbidapenak martxoaren 24an, 25ean, 26an eta 27an jaso ahal izango dira Zazpi Kaleetako Udaltegian (Boltsa Eraikina-Yohn Jauregia). Saritutakoek nortasun agiria erakutsi beharko dute gonbidapenak jasotzerakoan. Zazpi Kaleetako Udaltegiaren ordutegia 9:00etatik 21:00etara bitartekoa da.