EUSKADI.-Bilboko "Zirkuitua" egitarauak hiru antzezlan eskainiko ditu bihar, urteko lehenengo seihilekoko eskaintza bukatuz

Actualizado: miércoles, 27 mayo 2009 14:48

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak arte eszenikoen esparruan tokiko antzerki taldeen jarduera sustatzeko antolatzen duen "Zirkuitua" zikloaren bederatzigarren edizioak bihar bukatuko du urteko lehenengo seihilabetekoaren programazioa, San Frantzisko, Otxarkoaga eta Iturrigorri-Peñascal udaltegietan eskainiko dituen hiru antzezlanekin. Saio guztiak 19:30etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, San Frantziskon, Carla Fernandezen "Breves esbozos sobre la identidad" ikuskizuna izango da ikusgai. Fernandez arte dramatikoko eta dantza garaikideko prestakuntza dauka, eta egun, Kataluniako Zinemako Goi Eskolan Zine Edizioaren Masterra egiteko beka baten jabe da. Zenbait dantza ikuskizunen eta bideo sorkuntzen egilea da eta "Breves esbozos sobre la identidad" ikuskizunean, bakoitzak bere buruarekiko duen ezagupenaren edo jakinezaren inguruko hausnarketa egiten du.

Bestalde, Otxarkoagako udaltegian, Totum konpainiak "En petit comite" taularatuko du. Emakumeen lagun talde baten bilgunetik abiatuz, antzezlanak gizartearen aurrean eman nahi den itxurakeriaren egiaztatzea ikuskatzea proposatzen du.

Azkenik, Iturrigorri-Peñascal ikastetxera hurbiltzen direnek, August Strindberg antzerkigile suediarraren "La mas fuerte" antzezlanarekin gozatu ahal izango dute. 1889an idatzitako bakarrizketa, emazte ezkondu baten eta ohitura aurrerakoiak dituen eta urteetan bere senarraren maitalea izan den antzezle ospetsu baten topaketa bat da. Jorge Santos ariko da zuzendari lanetan, eta Justi Larrinaga eta Amaia Mujika interpretazioan.

"Zirkuitua" da Euskadin arte eszenikoen alorrean dagoen zirkuitu amateur bakarra. Ekimenak 18.000tik gora pertsonen parte-hartzea izan du 2001ean martxan jarri zenetik. Azken zazpi urteetan, talde amateurrek sustaturiko ehundik gora ikuskizun egon dira eta 150 saio baino gehiago eskaini dira.