EUSKADI.-Bizkaiko 39 udalerrik Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina jarriko dute abian

Actualizado: jueves, 4 marzo 2010 19:02

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko 39 udalerritako 6.000 gaztek Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jasoko dute "Nahi daudalako!" izeneko ekimenari esker. Kanpaina Alkarbide bilguneko kide diren hainbat udalek sustatu dute.

Guztira Bizkaiko 16 udalerrik eta hiru mankomunitatek parte hartuko dute kanpaina, eta hartzaileak DBHko 4. mailan ikasten ari diren gazteak dira. Zehazki, ondokoak dira ekimen honetan parte hartuko duten tokiko erakundeak: Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Bilbao, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Getxo, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Muskiz, Ortuella, Txorierriko Mankomunitatea, Uribe Kostako Mankomunitatea, Zierbena eta Zornotza.

"Nahi daualako!" da ekimenaren goiburua. Hartzaile nagusiak orain arte ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak dira, eta ondoko urteetan ere euren ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa ematea da kanpainaren xedea.

Kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie gazteei. Diptiko horretan www.nahidudalako.com kanpainaren webgunearen berri emango da eta bertan gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jaso ahal izango dute.

Kanpainak Nerea Alias ETBko aurkezlearen laguntza izan du eta bera da webgunearen irudi nagusia. Gainera, webgunean, gazteek lehiaketa baten parte hartu eta sari potoloak irabazteko aukera ere izango dute, besteak beste, musika eta irudi irakurgailuak, bideo-jokoen kontsolak (ipod, play station edo MP3 motakoak) eta abar.