EUSKADI.-Bizkaiko 45 udalerrik bat egin dute haurrak euskarazko ereduan matrikulatzeko kanpaina batean

Actualizado: jueves, 7 enero 2010 12:55

BILBO, 7 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko 45 udalerri batu dira urtarrilaren erditik aurrera informazio-kanpaina bat abiarazteko, haurrak D ereduan matrikula daitezela sustatzeko. Guztira 7.600 liburuxka banatuko dira kanpainan zehar, 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoek matrikulazio-kanpaina hasi aurretik ezagutu ahal dezaten zer den hezkuntzako D eredua eta zein arrazoi dauden euskara hutsean eskaintzen den eredu hori aukeratzeko, Bizkaiko Foru Aldunditik adierazi dutenez.

Informazio-kanpainaren goiburua "D bitamina. Aberastu bere heziketa!" da, eta urtarrilaren erdialdean hasiko da, lurraldeko 45 udalerritan. Egitasmoak 2 eta 3 urte arteko haurrak dituzten 7.600 familia izango ditu xede.

Kanpainan 23 udalerrik eta hiru mankomunitatek hartuko dute parte: Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Berriz, Bilbo, Enkarterri, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierri, Urduña, Uribe Kosta, Zaldibar eta Zierbena.

Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzu tekniko guztiak batzen dituen foroak koordinatuko du kanpaina, eta helburua da haurrak lehenengoz matrikulatu behar dituzten gurasoei D ereduaren gaineko informazio gehiago eskaintzea, bai eta euskarazko eredu horrek dituen aukeren gainekoa ere.

"D bitamina. Aberastu bere heziketa!" kanpainako informazio-liburuxkarekin batera, udal arduradun batek izenpetutako gutun bana jasoko dute familiek, euskarazko hezkuntza aukeratzeko arrazoiak azaltzeko. Horrekin batera, haurrentzako oparitxo bat ere jasoko dute etxean: altuera-neurgailu bat, haien hazkundea eta bilakaera islatuko duena.