EUSKADI.-Bizkaiko Aldundiak milioi bat euro erabiliko du Maierren bigarren plan teknologikorako eta Ajangizeko eraikin berrirako

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 14:10

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailak milioi bat euro inbertituko du Maier Technology Centre (MTC) delako sozietate kooperatiboaren bigarren plan teknologikoa diseinatu eta abian jartzeko, eta Ajangizen eraikin berria eraikitzeko.

Bizkaiko Aldundiaren helburua lurraldean "aberastasuna sortzen laguntzea da, Bizkaiko enpresen eremuan lehiakortasun iraunkorra sustatuz". Horretarako, honako hauek zehaztu ditu bere jardueraren ardatz estrategikotzat: pertsonak, berrikuntza, nazioartekotzea, azpiegiturak eta dimentsio optimoa. Horiek, aukera berdintasunaren, enpresaren erantzukizun sozialean eta erakundeen arteko eta erakunde publiko eta pribatuen arteko printzipio transbertsaletan oinarritzen dira.

"Ardatz estrategiko horiek kontuan hartuta, eta arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza abiapuntu, beharrezkotzat jotzen da Bizkaiko bikaintasun zentroak garatzeko jarduerei laguntzea, baldin eta, jarduera horiek, orientazio estrategiko bat oinarri hartuta, lidergoa bilatu nahi badute enpresaren jardun-arloan, hau da, enpresarekin lan egiten duten enpresei enpresa lehiakideetatik bereizteko aukera ematen dien lidergoa", adierazi du Izaskun Artetxe Bizkaiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Saileko diputatuak.

Egun, laguntza hau "are nabarmenagoa" da kasu batzuetan, "krisiaren eragina nabarmenagoa den teknologia zentroen jarduera-sektore batzuetan" alegia. Joan den astelehenean, Izaskun Artetxeri adierazi zioten, instalazioetan bertan, proiektu handi hau zein fasetan dagoen.

Bisita horretan, Iñaki Telletxea Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordea (Sail horrek ere diruz lagundu du ekimen hau), Juan Luis Irazabal Maier Taldeko zuzendari nagusia eta Joseba Mandaluniz Maier Technology Centre zentroko zuzendari-kudeatzailea egon zirfen Artetxerekin batera.

PLAN TEKNOLOGIKO BERRIA

Maier Technology Centre S. Coop. I+G+B zentroak automobilen osagarrien sektorean dihardu. Automobilgintzaren egoera ekonomikoa txarra da mundu mailan; hala ere, enpresak bere apustuari eutsi dio, batetik, plan teknologiko berri bati ekiteko eta, bestetik, goi-mailako ikerketa eta industriaurreko garapenak egiteko behar diren baliabideak eskuratzeko. Hala, aukera izango du enpresak bereizte-estrategia baten alde egiteko, eta aukera egongo da Urdaibain balio erantsi handiko lanpostuak sortu eta mantentzeko.

Maier Technology Centre S. Coop. sozietateak abangoardiako ezagupen eta teknologia berriak sortu eta enpresa bazkideei zabaltzeko duen konpromisoari eustea da helburua. Hala, aukera izango dute prozesu eta gaitasun berriak garatzeko eta produktu berriak eta merkatu globalean gero eta lehiakorragoak direnak fabrikatzeko. Horretarako, bi dira kudeaketa-prozesu nagusiak, erakundeko langile-taldean oinarrituta daudenak: produktu berriak merkaturatzea eta I+G+B.

Maier Technology Centre S. Coop. sozietateak (MTC), gaur egunera arte izandako enpresa-garapenarekin bat etorrita (espezializazio eta gogoeta estrategikoaren aldeko garapena), sendo eutsi dio berrikuntza bereizteko elementutzat hartzearen aldeko bere apustuari.

MTCren balio-proposamenean behin betiko aldaketa bat egin beharra sortu zen 2008an, eta aldaketa horretatik MTC berri bat sortuko da, handitua eta berrantolatua. Hala, aukera izango du dekorazio arloko soluzio integralak eta garapen funtzional berriak garatzeko, eta ingeniaritza-baliabideek, diseinatzeko gaitasunek, ikerketak eta garapenak bat egingo dute ingurune egoki batean.

Laborategiak eta bitartekoak bereizgarriak izango dira; produkzio-lerro pilotu bakarra legoke sektorean. Hala, aukera legoke industriaurreko eskalan simulazioa egiteko eta berrikuntza eta garapen arloko behar berri guztiak baliozkotzeko. Horri esker, batetik, Bizkaian ezagutza kapitalizatzeko eta kalitateko lanpostuak sortzeko zentroa izango da enpresa, eta, bestetik, MTCren bazkideen eguneko eta etorkizuneko instalazioetara ezagutza esportatuko du.

MTC-k bigarren plan teknologikoa diseinatu eta abiaraziko du; bertan, estrategia berria proiektatuko da, 2020. urtea muga duena. Prozesua 2009. urtean hasiko da, eta bere helburu nagusien artean daude MTCren bigarren plan teknologikoaren diseinua; sustapena, merkaturatzea eta jarraipena, bigarren plan teknologikoaren aldian zehar; beharrezkoak diren azpiegiturak eta bitartekoak diseinatzea, eta ikerketa-bitarteko eta industriaurreko bitartekoetarako etorkizuneko azpiegitura eta espazioak ezartzea.

Halaber, plana osorik gauzatzeko aukera ematen duten bitartekoak merkaturatzea eta sortzea; aplikazio-ezagutza, bakarra eta bereizgarria sortzea, material termoplastiko aurreratu berrien arloan eta azaleko dekorazio-tratamendu berrietan, industria-ikerketako jarduerak eginez; eta, negozio-lerro berri edo enpresarako ekimen berri bihurtuta, MTCren bazkideei lehiatzeko abantaila iraunkorrak ematea izango dira beste asmo batzuk.