EUSKADI.-Bizkaiko Diputazioa eta BCAM elkarrekin ariko dira, abangoardiako ikerketa matematikoa garatzeko Bizkaian

Actualizado: lunes, 1 junio 2009 17:38

BILBO, 1 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusebio Larrazabal bizkaia:xede elkarteko presidente eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntzako diputatuak eta Enrique Zuazua BCAM Basque Center for Applied Mathematics zentroaren zuzendari zientifikoak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena izenpetu dute gaur. Akordioari esker, erakunde biek elkarrekin abiaraziko dituzte enpresen arloko ikerketa eta garapen-proiektuak, bai eta katalogo zientifiko berri bat ere, Bizkaiko I+G+B arloan dauden eragile pribatuek ikerketa matematiko aplikatuaren inguruan dituzten eskariak batuko dituena.

Hitzarmen horren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak urtean 25.000 euro emango dizkio BCAM zentroari, Lan eta Trebakuntza Sailaren menpe dagoen bizkaia:xede elkartearen bitartez, 2009, 2010 eta 2011ko ekitaldi ekonomikoetarako laguntza gisa.

Akordioaren sinatzaileen arabera, "behar-beharrezkoa da" matematika aplikatuko proiektuak sustatzea, baldin eta lortu nahi bada diziplina hori I+G+B arloan txertatzea. "Ia mundu guztiak aitortzen du behar hori, batez ere gure inguruko herrialde aurreratuenetan", adierazi dute.

Matematika aplikatua eta konputazio zientifikoa industriaren arlo guztietan aplikatzen dira: aireontzi, ibilgailu edo motorren fabrikazioan; ordenagailu zein komunikazio-sistemen garapenean; farmako berrien garraio eta garapenean. Beste hainbat ekintza-arlotan ere aplika daiteke, hala nola ingurumena, baliabide naturalen kudeaketa, ekonomia eta finantza edo garapen iraunkorrean.