EUSKADI.-Bizkaiko Diputazioak 105.000 euro banatuko ditu 36 udalen artean, berdintasun proiektuak laguntzeko

Actualizado: jueves, 23 julio 2009 13:41

BILBO, 23 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak 105.000 euroko diru-laguntza emango du 36 udalek proposatutako hainbat proiektu eta planetarako, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko jarduerak egiteko. Udalerri bakoitzari aste honetan zehar jakinarazi zaio laguntzen plan hau, eta Aldundiak 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten Bizkaiko udalei berdintasun proiektuak martxan jartzeko ematen dizkien diru-laguntzei buruzko dekretuaren zati bat da.

Foru erakundeko iturriek gaur jakinarazi dutenez, aurten 37 eskabide jaso dira guztira, baina 36 dira onartutako proiektuak. Era berean, aurkeztu diren jardueren kostua 407.725 eurotik gorakoa da eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 105.000 eurorekin lagunduko du. Aurkeztu diren 36 udaletatik 15i dekretuan ezarritako gehienekoa eman zaie, hau da, 4.500 euro, proiektu sendoagoak direla uste delako. Aurreko ekitaldian 23 udalek jaso zuten diru-laguntza.

Berdintasunaren eta emakumeen jabekuntzaren arloan proiektuak gauzatzeko udalerrientzako laguntzen multzoa, emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei ematen zaizkien diru-laguntzekin osatzen da. Laguntza hauek irailean emango dira. Atal honetan, 2008an, emakumeen elkarteen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen 157 proiektuk jaso zuten diru-laguntza, 760.000 euro guztira, hain zuzen ere.