EUSKADI.-Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak jardunaldi bat antolatu du larunbaterako Ondarroan

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 13:29

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak eskola guztietako parte-hartzaileei zuzendutako Jardunaldia antolatu du larunbaterako Ondarroan. Gaia "Oroimen Historikoa eta Feminismoa. Emakumezkoen-Feminismoaren jatorrizko aztarnak" izango da, antolatzaileek adierazi dutenez. Ermua, Getxo, Basauri eta Ondarroako eskolek osatzen dute Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskola.

Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo den ekintza hau sareko parte-hartzaileek 2009ko martxoan Ermuan egindako topaketetan izandako eztabaidaren ondorioz sortu da, ekintza gehiago egiteko ikasleen proposamen asko jaso direlako. Orduan, Berdintasun Kontseiluen gainean oinarritu zen eztabaida eta bere balorazioa oso positiboa izan zenez, ildo horretatik jarraitu nahi izan du sareak.

Egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da aipatutako gaiari buruzko mahai-inguru batekin, Miren Llona (Historian doktoratua eta maiatzean Basaurin ere genero identitateen eraikuntzari buruzko ikastaroa eskainiko duena) eta Zaida Fernandez (Soziologoa, gizarte ikerlaria eta Feminismo masterra) hizlarien eskutik. Ondoren eztabaida eta jardunaldiaren amaiera izango dira. Llonak "Oroimen historikoa eta feminismoa" gaia landuko du, eta Fernandezek, "Feminismoaren zein emakumezkoen genero-aztarnak".

Jardunaldiaren helburua emakumezkoen oroimen historikoa berreskuratzea da, denboran eta espazioan zehar. "Izan ere, emakumezkoek, belaunaldiz belaunaldi, hainbeste esanahi eta erabilera utzi dituzte, eta hala espazioetan nola denboran emakume talde desberdinek utzitako aztarna horien gainean jardungo dute gehienbat", azaldu dute.