EUSKADI.-Bizkaiko Foru Aldundiak beste 80 erakunderi eman die kudeaketa-sistema berritzaileen Premie diploma

Actualizado: miércoles, 20 mayo 2009 18:09

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Izaskun Artetxek oroigarri plaka bana eman die gaur kudeatze-sistema berritzaileen Premie diploma oraintsu eskuratu duten 80 erakunderi, bai eta eskuratu zutenetik hona hiru urte igaro ondoren berritu duten beste 50 erakunde baino gehiagori.

Premie programak helburu nagusi bat du, alegia, Bizkaiko enpresek kudeaketa sistemen gaineko gogoeta egin eta beren premien arabera hobetzeari ekarpena egitea. Horretarako, aholkulari batek jarduera sorta bat proposatzen du, eta horien bidez lortu nahi da erakundeek kudeatzeko beste modu batzuetara hurbil daitezela, kudeaketaren arlo ezberdinak integratuta eta pertsonen parte hartzeari bide zabalagoa eskainita.

Premie programak berme sendoa du, urte askotako ibilbidea egin baitu honezkero eta erakunde askok ezarri baitute. Izan ere, 15 urteko tartean, Bizkaian 1.000 erakundek baino gehiagok ezarri dute, eta beren kudeaketa sistemak hobetzen lagundu die.

Topaketa gaur egin dute EiTBren Bilboko egoitzako multiboxean. Programatik igaro diren erakundeen bizipena ezagutu da ekitaldian, eta elkarrizketarako gune bat ere sortu da. Gainera, orain egiten ari den programa berriz diseinatzeko prozesuaren esku-hartze lerroez eztabaidatu da, eta ondo eginiko lana aitortu zaie bai diploma orain eskuratu duten erakundeei eta berritu dutenei.

Izaskun Artetxek enpresen berrikuntzarako plan integral berriaren ildo nagusiak azaldu ditu. Plan hori laster abiaraziko dute, eta programa berean biltzen ditu Artetxek zuzenduriko Sailak Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen eskura jartzen dituen diru-laguntza eta laguntza guztiak, hau da, enpresen berrikuntzarekin zerikusi zuzena duten arlo guztiei begira ematen direnak.

Aurten, Premie programa plan berri horretan sartuko da, hots, enpresen kudeaketan laguntzeko arloan. Esparru hori kudeaketa kultura egokia ez duten enpresentzat egina dago, sistematika bat eta kanpoko laguntza behar dutenentzat, horrela, modu profesionalagoan eta eraginkorragoan antolatu ahal izateko.

Enpresen berrikuntzarako plan integral berriak kontuan hartuko ditu Premie programa berrikusten parte hartu dutenek aurkeztu dituzten 222 hobekuntza ideiak. Izan ere, berrikuste hori egun bizi den egoerara egokitzeko egin dute, 1.000 programatik gora ezartzen jasotako eskarmentua baliatzeko.