EUSKADI.-Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Bizkaia Bilbao Basket taldeak garraio publikoaren erabilera sustatuko dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 8 febrero 2010 13:41

BILBO 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Bizkaia Bilbao Basket saskibaloi taldeak hitzarmen bat sinatu dute, bien artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoarekin. Lankidetza horri esker, saskibaloi taldeko jokalariek beraien irudia laga dute, "Ibili garraio publikoan" izeneko publizitate kanpainan erabiltzeko. Kanpaina horrek, garraio publikoa erabiltzeak dakartzan abantaila eta onurak bizkaitarren artean zabaldu eta horren inguruko sentsibilizazioa lortzea du helburu.

Kanpaina hasi eta egun gutxiren buruan Bizkaiko saskibaloiak jardunaldi bereziak biziko ditu, Errege Kopa jokatuko baita Barakaldoko BECen, otsailaren 18tik 21era bitartean. Gertaera hori aprobetxatuta, eta herritarren artean garraio publikoaren erabilera sustatze aldera, Bizkaiko Garraio Partzuergoak publizitate kanpaina jarriko du martxan egunotan.

Kanpainak "alturako" protagonistak ditu komunikazio-ardatz moduan:

Bilbao Bizkaia Basket taldeko jokalariak, hain zuzen ere. Kasu honetan, taldeko hiru kide aukeratu dira kanpainako irudi moduan: Javi Salgado, Javier Rodriguez eta Chris Warren. Beraiek izango dira kirolari handien balioak (gazteak, osasuntsuak, kirola maitatzen dutenak, mugimendu azkarrekoak, elkarren artean koordinatuak, talde-jokalariak) garraio publikoan proiektatzeko arduradunak (azkartasuna, segurtasuna, zehaztasuna, erosotasuna, iraunkortasuna).

Bizkaia Bilbao Basketen eta garraioa koordinatzeaz arduratzen den Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lotura hori indartu egingo da, saskibaloian erabiltzen diren terminoen bidez, eta horrela, garraio publikoa erabiltzeak dakartzan abantailak are gehiago azpimarratuko dira. "Utzi klaxon-hotsak zure taldea animatzeko", "garraio publikoan bidaiatuz errebote asko saihestuko duzu" eta "garraio publikoak

abantaila hirukoitza du" dira kanpainan erabiliko diren hiru esaldiak.

Contenido patrocinado