EUSKADI.-Blas de Otero gogoratuko du gaur Bilbok Bidebarrieta Kulturgunean izango den ekitaldi batean

Actualizado: lunes, 16 marzo 2009 12:00

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazioak poeta bilbotarraren jaiotzaren urteurrena ospatuko dute beste urte batez Bidebarrieta Kulturgunean gaur arratsaldean izango den hitzaldi batekin. Gainera, Blas de Otero-Bilboko Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren bigarren deialdia ere egin da. Aurten poetaren heriotzaren 30 urte betetzen dira.

Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldi aretoan izango da oroimenezko ekitaldia 19:30etatik aurrera. Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia eta poetaren alargun eta Fundazioko presidentea den Sabina de la Cruz izango da bertan. Ondoren Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Literaturako katedraduna den Mario Hernandezek aurkeztuko du Pablo Jauralde hizlaria eta unibertsitate bereko katedraduna eta literaturako ikertzailea.

Jauralderen hitzaldiaren izenburua "Soledad tengo de ti" da, Oteroren "Estribillo tradicional" olerkitik hartutako bertsoa. Musikak eta poesiak Blas de Oteroren obran duen lekua edo eta eraginaren gainean arituko da Juralde, Tiziana Tagliani arpa-jotzailearen laguntasunarekin.

POESIA SARIA

Bestalde, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Blas de Otero-Bilboko Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren bigarren edizioko deialdia egin du. Iaz sortu zen saria, sorkuntza literarioa sustatzeko eta bilbotarrengana hiriko autore esanguratsuena garturatzeko asmoz.

Edozein nazionalitateko idazleek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta diru-saria 6.600 eurokoa izango da bi modalitateetan, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Inoiz argitaratu ez diren jatorrizko lanak onartuko dira, 700 eta 1.000 lerro tarteko luzeera dutenak, eta ekainaren 15a baino lehen igorri behar dira Barrainkuako Kultur Etxera. Sariketan parte hartzeko betebeharrak -baita epaimahaiaren epaia ere, plazaratzen denean- Bilboko Udalaren webgunean irakur daitezke (www.bilbao.net).

Lehenengo edizioan, gaztelaniazko modalitatean, Jose Antonio Ramirez extremadurarrak lortu zuen saria, eta euskarazkoan Fertxu Izquierdo nafarrak. Saritutako lanen kalitate handiarekin batera, epaimahaiak lahiaketako parte-hartze ona eta anitza azpimarratu zuen, 150 lan aurkeztu baitziren lehenengo edizioan.