EUSKADI.-Bost pertsona atxilotu dituzte Donostian merkataritza-gune batetik 500 euroko kirol materiala lapurtzeagatik

Actualizado: viernes, 19 febrero 2010 15:39

DONOSTIA, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko eta hiru emakumezko atxilotu zituzten atzo arratsaldean Donostian, hiriko merkataritza-gune batean 500 euroko balioa zuen kirol materiala lapurtu izana leporatuta. Dendako alarmak eta segurtasun sistemak ekiditeko prestatutako poltsa batzuk erabili zituzten ustezko egileek eta ostutakoa parkingean aparkatuta utzi zuten auto batean sartu zuten handik eramateko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldeko 15:00ak aldera, Donostiako merkataritza-gune batetik Ertzaintzari deitu zioten aurretiaz bertan egindako lapurreta batzuen ustezko egileak aparkalekuan ikusi berri zituztela ohartarazteko. Bertaratu ziren agenteek bost pertsona (zaintzaileek susmagarritzat jo zituztenak) antzeman zituzten auto batean eta segika hasi zitzaizkien. Horri esker, ostean egin zituzten lapurreten lekuko izan ziren agenteak; dendetako batetik kirol material anitz osten ikusi zituzten.

Lapurrek dendatik eraman nahi zutena poltsa batean sartzen zuten lehenbizi. Poltsa hau berezia zen, dendako segurtasun sistemak ekiditeko prestatua zegoelako. Dendatik irten ostean, ostutakoa aipatutako autoan sartzen zuten. Beraiek ere autoan sartzera zihoazen unean hurbildu zitzaizkien agenteak eta identifikatu egin zituzten ustezko bost lapurrak. Autoko maletategian marka ezberdinetako kirol zapatilak eta beste zenbait produktu aurkitu zituzten ertzainek; lapurtutako guztiaren balioa 500 eurotik gorakoa zen.

Autoan zihoazen bost bidaiariak -18 eta 35 urte bitarteko hiru emakumezko eta gizonezko bi- atxilotu egin zituzten lapurreta delitu bat leporatuta.