EUSKADI.-Buzzcocks punk talde ingeles mitikoak kontzertua emango du ostegunean Bilboko Kafe Antzokian

Actualizado: lunes, 2 marzo 2009 11:57

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Buzzcocks punk talde ingelesa Bilboko Kafe Antzokian izango da ostegunean, "Another Bites" biraren barruko kontzertua emateko. Emanaldia 21:30etan hasiko da, The Cute Leppers talde estatubatuarrarekin, Muskerra Produkzioak sustatzaileak jakinarazi duenez.

Manchesterreko laukotea 1977ko punk mugimenduaren eztandaren talde garrantzitsuenetako bat da, eta ondoren aterako ziren talde ugariren eragin nabarmena.

Sex Pistolsen energian oinarritu arren, ez ziren haiek imitatzera mugatu, eta mezu politikoak aireratu beharrean, melodia zehatzak eta nagusiki pop kutsukoak interpretatu zituzten, gitarra zorrotzen soinuaren bitartez. Botereak, abiadurak, indarrak, melodiak eta ukitu psikodeliko bizkortuak beste maila batean kokatu zuten beti taldea.

Oraingoan, "Another Mucis in Different Kitchen" eta "Love Bites" izenburuko lehenengo bi diskoen berrargitalpena dela eta, Buzzcocks "Another Bites" biran murgildu da. Aipaturiko bi diskoak osorik interpretatzen dituzte bira honetako kontzertuetan, taldearen beste klasiko batzuekin batera.