EUSKADI.-Carlos V.aren busto bat da gaur Bilboko Artelan Berreginen Museoaren "Artelana bere testuinguruan" zikloko protagonista

Actualizado: jueves, 25 febrero 2010 11:17

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Carlos V.aren bustoa izango da gaur Bilboko Artelan Berreginen Museoaren pieza garrantzitsuenak ezagutzera bideraturiko "Artelana bere testuinguruan" zikloaren protagonista, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

"Artelana bere testuinguruan" egitarauaren helburua ikusleak artera hurbiltzea da, eskulturak aztertu eta aztertutako artelan horiek museoan dauden gainerakoekin erlazionatuko dituzten bisiten bitartez. Kasu bakoitzean museoan erakusgai dagoen pieza bat aukeratzen da, eta artearen zein historiaren ikuspegietatik aztertzen da. Hitzaldiak doakoak izaten dira, hilabete bakoitzeko azken ostegunetan, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Gaurko saiorako aukeratutako artelana "Noren Esku? Giza eskubideak historian" aldi baterako erakusketaren barruan erakusten den Carlos V.aren bustoa da. Pieza Leone Leonik egindako jatorrizko erretratuaren eskaiolazko berregina da. Lana eskultoreak erregearen zerbitzura egon zenean burutu zuen eskultura multzoaren barruan dago.

Leone zein haren seme Pompeo Habsburgotarren gorteko eskultoreak izan ziren, hasieran Carlos V.arenak eta ondoren Felipe II.arenak. Erregeen zerbitzura hainbat enkargu egin zituzten, eta horien artean azpimarragarriak dira Escorialeko erretaula eta errege zenotafioak. Egin zituzten errege etxeko erretratu kopurua oso handia izan bazen ere, lan horiek ez zuten jomuga jakinik izan, eta urte luzez Madrilgo Alcazarrean egon ziren ahaztuta.

Michelangelo eta Tiziano bezalako garai hartako artista nagusien adiskide zen Leonek dominagile gisa hasi zuen bere ibilbidea, eta horrek, posizio desegokia eman zion bere garaikideen artean, italiarren artean batez ere, urregile hutsa zela esaten baitzuten, benetako eskultore izan beharrean. Horrela, bere arte ekoizpen gehiena dominen eremuan zentratu zen, eta bere eskultura garrantzitsuak brontzez egin zituen.

Pompeori dagokionez, oso gaztetan hasi zen aitarekin lanean, eta, hori dela eta, lan asko elkarrekin egin zituzten, bat Milanen eta bestea Madrilen bizi izan arren.

Carlos V.aren bustoaren inguruko hitzaldian jende gehienarentzat nahiko ezezagun diren bi artista aurkeztuko dira. Oso ezagunak ez badira ere, beraien garaiko eskultore handienekin aritu ziren, Benvenuto Cellinirekin edo Giambolognarekin, adibidez, eta XVI. mendeko eskultura tradizioarekin eta Espainiako gortearekin erlazionatu zituzten. Bisitari amaiera emateko, Michelangeloren bi pieza aztertuko dira: Giuliano de Mediciren bustoa eta Lorenzo de Mediciren irudia.