EUSKADI.-Clermont-Ferrandeko Jaialdiko film labur esperimentalak emango dituzte bihartik larunbatera Donostiako Tabakaleran

Actualizado: lunes, 16 febrero 2009 17:56

DONOSTIA, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Tabakalera zentroak Clermont-Ferrandeko Film Laburraren Nazioarteko Jaialdiko LABO atal esperimentaleko 43 obra eskainiko ditu bihartik larunbatera bitartean, bigarren urtez jarraian eta Donostia Kulturarekin eta zinemaldi frantsesarekin elkarlanean.

Antolakuntzak prentsa ohar bidez gaur jakinarazi duenez, larunbatera bitartean egunero izango dira film laburren emanaldiak eta zinemagile batzuekin solasaldiak. Saioak 20:00etan hasiko dira eta sarrera dohainik izango da.

Gainera, larunbat arratsaldean, 18:00etatik aurrera, film laburrari buruzko mahai-inguru bat izango da, Koldo Almandoz zinemagilearen gidaritzapean. Film laburretan eta ikus-entzunezkoen esperimentazioan lan egiten duten profesionalek esku hartuko dute solasaldian.

Clermont-Ferrand hiri frantsesak urtero antolatzen du film laburren munduko jaialdi esaguratsuenetakoa, eta aurten 31. edizioa ospatu da, urtarrilaren 30etik otsailaren 7a arte. Zinemaldiko LABO atalean "proposamen berritzaile eta ausartenak" biltzen dira, eta aurten zortzigarren edizioa bete du.

Tabalakera zentroaren webguneak (www.tabakalera.eu) espazio propioa sortu du LABO'09rentzat, eta aste osoan zehar izaten denaren inguruko jarraipen zabala eskainiko du, ematen diren lanei buruzko informazioarekin, Begoña del Teso kritikariak egunero egindako kronikekin edota jendeak beren iritziak uzteko bideoekin.