EUSKADI.-Conductus Ensemble taldeak Purcellen "Dido eta Eneas" opera eskainiko du bihar Donostiako 70. Musika Hamabostaldian

Actualizado: miércoles, 12 agosto 2009 15:40

DONOSTIA, 12 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako 70. Musika Hamabostaldiak aurrera darrai eta bihar, Conductus Ensemble taldeak Henry Purcellen "Dido eta Eneas" opera barrokoa interpretatuko du hiriburu donostiarreko Kursaaleko Ganbera aretoan. Raquel Andueza eta Katharine Hawnt sopranoak eta Jesus Garcia Arejula baritonoa izango dira bakarlariak, Andoni Sierra donostiarraren zuzendaritzapean. Obra bera gaur izango da ikusgai Zumaian, Hamabostaldi Ibiltariaren baitan.

Donostian gaur eskainitako prentsaurrekoan, Sierrak, Anduezak eta Garcia Arejulak aurkeztu dute biharko kontzertua. Emanaldia 20:00etan izango da bihar Kursaalen, eta 22:00etan gaur Zumaian.

Sierrak nabarmendu du "amets bat bezalakoa" dela obra "bikain" hau "honelako bakarlariekin" zuzentzea, "modu miresgarrian" idatzita dagoelako eta entzuteko "erraza" den musika duelako. Gainera, "Ingalaterran idatzi eta hasieratik azkenera ingelesez abesturiko lehenengo obra" dela adierazi du. Hala ere, eragin italiarrak eta frantsesak dituela gaineratu du.

Azken finean, "puntu italiarrak eta dantza frantsesak dituen ezaugarri propioko musika" dela ziurtatu du. Halaber, Conductus Ensemblek eskainiko duen bertsioa obra estreinatu zenean ikusi zenaren "antzekoa" izango dela azaldu du.

Bestalde, Didoren rola egingo duen Raquel Andueza sopranoak adierazi du opera ingelesaren bertsio "mahiko mediterraneoa" eta "oso bizia eta sutsua" dela Conductus Ensemblek egingo duena. "Musika hain bikaina abesteko aukera edukitzeak soprano izateaz harro sentiarazten zaitu", gaineratu du.

Azkenik, operan Eneas izango den Jesus Garcia Arejula baritonoak esan du "oso indentifikatuta" sentitzen dela, eta proiektuko kideek elkarrekin egin duten "ibilbide luzeak" izan duen garrantzia azpimarratu du.