EUSKADI.-David Delfin eta Bimba Bose izango dira ostiralean Guggenheim Bilbao Museoaren "Art After Dark" programaren lehen saioan

Actualizado: lunes, 11 enero 2010 13:03

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ostiral honetan izango da Guggenheim Bilbao Museoaren "Art After Dark" programaren 2010eko lehenengo saioa, David Delfin diseinatzaile eta diziplina ugari lantzen dituen artistaren eta Bimba Bose modelo eta abeslariaren partaidetzarekin. Bose Delfinen musa eta bazkidea da.

Museoko iturriek jakinarazi dutenez, biak Guggenheim Bilbao Museora itzuliko dira, 2008an "Surrealismoaren gauzak" erakusketa zela-eta egin zuten desfilearen ondoren. Oraingoan, Hollywoodeko komedia baten izena duen "musika dibertimentua" eskainiko dute. Gauerdi aldera, David Delfinek, Michelle DJ gisa, 'wedding' delakoa estiloa jarriko du eta The Cabriolets taldeko abeslari Bimba Bose Romy DJ izango da 'prom dance' estiloa eskaintzeko.

"Art After Dark"-en lehenengo saioa 22:00etan hasiko da Arne Ö-k jarriko duen musika elektronikoarekin. Bilbon bizi den estoniar hau Fever klubeko DJ egoiliarra da bertako ateak ireki zirenetik. Bere musika elektronikoko emanaldi hipnotikoak funkaz, soinu sakonez eta kutsu esperimentalez betetzen ditu groove musika oinarri hartuz.

Ondoren, 23:00etan, Tom Clark DJa igoko da Museoko Atrioan egongo den kabinara. Clark ezinbestean aipatu behar da Berlingo musika munduari buruz hitz egitean. Alemaniako DJ honek nahasketen

alde egiten du, eta hala, house eta techno estiloen tartean koka daitekeen soinu berri bat lortzen du.

"Art After Dark" programa urte osoan izango da Guggenheim Bilbao Museoan. Gaueko egitarau berezi hau museoak antolatzen du Bilboko Fever klubarekin lankidetzan eta aurreko urteetako arrakasta

berdintsua izatea du helburu. Bertaratzen direnek nazioarteko DJ onenen musika entzuten duten bitartean erakusketak ikusteko aukera izango dute.

Oraingoan, "Frank Lloyd Wright" aldi baterako erakusketaz eta "Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak" eta "Instalazioak II: Bideoa Guggenheim Bildumetan" Bilduma Iraunkorraren aurkezpenez gozatu ahal izango dute.

Museoa irekita egongo da 22:00etatik 1:00etara arte. Sarrera (18 urtetik gorakoentzat) 12 eurokoa da publiko orokorrarentzat eta 8 eurokoa Museoaren Lagunentzat. Ikusle kopurua mugatua da.