EUSKADI.-Debegesak bi jardunaldi antolatu ditu martxoan Debabarreneko enpresentzako

Actualizado: viernes, 5 marzo 2010 15:45

DONOSTIA, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Debegesak, Debabarreneko enpresei laguntzeko eta sendotzeko zerbitzua indartzeko duen asmoari jarraituz, eta iaz ikastaroek izan zuten arrakasta ikusita, bi ikastaro edo jardunaldi antolatu ditu martxoan. Ermuko Torrealday Aholkularitza Enpresak eskainiko ditu jardunaldiok Debegesak Eibarko (Gipuzkoa) Azitain industrialdean duen egoitzan.

Horrela, Debegesako arduradunek jakinarazi dutenez, datorren astean izango da lehen jardunaldia, martxoaren 10ean hain zuzen, 15:00etan hasita, eta hiru ordu iraungo du. Jardunaldi horretan enpresen forma juridiko ezberdinen gaineko informazioa emango da eta aukera bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertuko dituzte, besteak beste. Bestalde, betebehar fiskalen gaineko (BEZ eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) xehetasunak ikasteko aukera izango dute eskualdeko enpresa-arduradunek.

Aurtengo berritasuna da beste jardunaldi bat ere antolatu duela Debegesak lehendabiziko aldiz, ekonomia eta finantza kontrolaren gainekoa, hain zuzen ere. Martxoaren 17an izango da, 15:00etan, Debegesaren egoitzan, eta, besteak beste, enpresaren errentagarritasunaren eta likideziaren xehetasunak, kobrantzak eta ordainketak eta diruzaintza aurrikuspenak aztertuko dituzte. Ariketa praktikoak ere egingo dituzte, gainera.

Ikastaroetan izena emateko edo informazio gehigarria jasotzeko, Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Saileko 943 82 01 10 telefono zenbakira deitu edo ekintzaile@debegesa.com helbide elektronikora idatzi behar da.