EUSKADI.-Dena prest Bermeon (Bizkaia) bihar egingo den Aritzatxu Rock Free!!! jaialdirako

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 13:52

Ivan Julian & Capsula, Los Chicos eta Frustration dira egitarauko izen nagusiak doako jaialdi honetan


BILBO, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Aritzatxu Rock Free!!! jaialdiak bere urteroko hitzordua du bihar Bermeon, herri bizkaitarreko Pergolan, 18:00etan hasita. Rock musikaren estilo eta joera ahalik eta anitzenak dohainik eskaintzeko filosofiari eutsiz, jaialdiaren hamargarren edizioak, Ivan Julian & Capsula, Frustration, Los Chicos, Insomnio, Suspect Parts, Inserta, Las Culebras eta The Bite taldeen kontzertuak prestatu ditu.

Gainera, eta urtero egiten duen moduan, jaialdiak dohainik kanpatzeko aukera emango du kontzertuak egingo diren gunearen ondoan. Nuntxaku Kultur Elkartea, MB 2000 Zerbitzu Sozio-kulturalak, Beleza Malandra eta Bermeoko Udaleko Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Saila eta Gazte Plana dira jaialdiaren antolatzaileak, Spookypheria Productions, Bizkaiko Foru Aldundia eta San Miguelen lankidetzarekin.

Richard Hell & The Voidoids, The Outsets eta Lovelies taldeetako jatorrizko kide izandako Ivan Julian New Yorkeko gitarristak eta musikariak bat egin du Capsula hirukote argentinar-bilbotarrarekin, bere argitaratugabeko abestiak bildu dituen "The Naked Flame" diskoa plazaratzeko.

Batasun honetatik azken hamarkadetako New Yorkeko soinuen erakusketa bat atera da, Hendrixen iragazkitik findutako Stonesen soinuak, punk-funk-voodoo erritmoak, psikodelia eta gitarra zorrotzen gaineko premiazko erritmoak uztartuz.

Frustration frantsesek ahaztuta zeuden post-punk soinuak berreskuratu dituzte, baina soinu berritu eta biziagoarekin. Zirrara sortu dute Europa osoan, batez ere "Relax" (208) diskoak izandako kritika bikainengatik -'Joy Division berriak' direla esatera heldu dira batzuk-, baina baita euren zuzeneko (gutxi) eta izugarrien ondorioz lortutako zale ugariengatik ere (siniestroak, punkak, post punkak...).

Los Chicos rock and rollaren festa dira. Talde madrildarrak musika beltzaren eragin garbia du, blues, rhtyhm and blues edo soul esaterako, baina punkaren energia ahaztu gabe. Dr. Feelgood, Eddie and The Hot Rods eta Devil Dogsen edota Howlin' Wolf, Nine Pound Hammer eta Radio Birdmanen nahasketa dira, zuzenean rock and rollaren festa indartsu eta dibertigarria bihurtzen den nahasketa txundigarria.

Insomnio zaragozarrek hardcore eta punk rockari ematen diote eta gaztaroko etsipena eta frustrazioa darie azaleko poro guztietatik, Adolescents, Reagan Youth edo 7 Seconds bezalako taldeen eragin garbiekin. 2006tik jotzen dute eta zenbait lan kaleratu dituzte jada. Aritzatxu Rock Free!!!-koa izango da taldearen lehenengo kontzertua bukatu berri duen Europako hirugarren biraren ondoren.

SUSPECT PARTS

Justin Maurer, Chris Bell, James Sullivan eta Gerhard Smail dira Suspect Parts. Justinek, Clorox Girls taldeko abeslariak eta gitarristak, bere hiru lagun bildu ditu "apokalipsiaren mugimenduari ekiteko". 1960ko hamarkadako pop eta 1970eko hamarkadako Kaliforniako hondartzetako punk soinuak nahasten dituzte, guztia garagardoz apaindua. The Kinks, Wire, Buzzcocks, Franz Ferdinand, Rezillos edo Undertones dira taldearen hazia, baina ukitu modernoago batekin.

Inserta 2001ean Deustun sortutako post-hardcore bat da. Alemanian eta Frantzian jotzea ahalbidetu zien bira baten eta demo baten ondoren, 2006an editatu zuten "Escenario de no tiempo" lehenengo lan luzea. 2008ko bukaeran "Reencuentros" diskoak kaleratu zuten, bigarren diskoa. Laukote destuarrak zuzeneko biziak eskaintzen ditu, indarrez eta sentimenduz beteak, Euskadi, Espainia zein Europan emandako hainbat eta hainbat kontzertuetan landutako zuzenekoak.

Las Culebras 2004an Iruñean sortutako taldea da. AC/DC, Kiss, MC5, Rolling Stones, Aerosmith edo Black Sabbathek eragindako rock gogorra egiten dute. 2007an lehenengo diskoa kaleratu ondoren, Aritzatxu Rock Free!!!-n aurkeztuko dituzte aurki salgai izango den bigarren diskoko abesti berriak.

The Bite Bartzelonako laukote bat da, 2006an sortua, eta punk britainiar, mod revival eta power pop soinuen eraginekin. 2007an atera zen debuteko EPa, Daily Recordsek editaturiko bost abestiko lana. Laster agortu ziren 500 kopiak eta berriro argitaratu behar izan zuten. 2009an beste EP bat kaleratu dute, The Cute Lepers taldearekin partekatua, eta aurki izango da kalean beraien lehenengo lan luzea.

Beraz, dena dago prest Aritzatxu Rock Free!!! jaialdiaren edizio berri baterako. Dagoeneko ezinbesteko hitzordua bihurtu da jaialdi bermeotarra rockaren estilo eta joera anitzen zaleentzat, eta aurtengo edizioan bi "pintxa-saiorekin" bukatuko da: Julen Baltzamoren "Black Rock Miscelanea" eta Jordi Daily Recordsen "Northern Soul Classic".