EUSKADI.-Denon Eskola elkarteak erabilitako liburuak trukatzeko jardunaldia antolatu du Gasteizen datorren larunbaterako

Actualizado: lunes, 4 mayo 2009 14:45

GASTEIZ, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Azken lau urteetan bezala, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan, Denon Eskola elkarteko Liburtxo Batzordeak ekintza berezi bat antolatuko du maiatzaren 9an Gasteizen. Ekintza horren helburua hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztien artean erabilitako liburuak trukatzea da. Jardunaldia gasteiztar guztiei zuzenduta dago, antolatzaileek azaldu dutenez.

Jardunaldian stand bat izango da adin eta estilo guztietako irakurketa liburuak trukatzeko, euskarazko zein gaztelaniazkoak. Gainera, Antton Irusta ipuin kontalariak lau saio egingo ditu, guztiz parte-hartzaileak eta elebidunak.

Testuliburuak ikastetxeetan bertan berriro erabiltzea aldarrikatu nahi da ekintzarekin, Denon Eskola elkarteko Liburtxo Batzordearen ustez "oso garrantzitsua" baita ikasleei materialak zaintzen eta birziklatzen irakastea.

Esan bezala, ekintza hau datorren larunbatean burutuko da, 11:00etatik 20:00etara bitartean, Gasteizko Posta Plazan kokatuta egongo den Liburtxoren karpan.