EUSKADI.-ESTE-Deustuko Unibertsitateko ikasleek gizarte eta enpresa protokoloko ikastaroa antolatu dute Donostiako campusean

Actualizado: viernes, 13 marzo 2009 12:40

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

ESTE-Deustuko Unibertsitateko ikasleek gizarte eta enpresa protokoloko ikastaroa antolatu dute martxoaren 16, 17 eta 18rako. Ikastaroa Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean izango da, 16:00etatik 20:00etara, Joaquim Borras Protokoloko Espainiako Elkargoko kidearen eskutik.

Ikasle antolatzaileak ESME Junior Enpresako kideak dira (ESTEren lankidetzarekin) eta gaiaren oinarrizko edukiak zabaldu nahi dizkiete interesa duten guztiei, Deustuko Unibertsitatetik gaur jakinarazi dutenez.

Esan bezala, ikastaroa Joaquim Borrasek emango du. Borras 1958an jaio zen Bartzelonan eta Harreman Publikoetako Teknikari ikasketak egin zituen Bartzelonako Industri Eskolako Harreman Publikoetako Goi Eskolan. Harremanetako, Protokoloko eta Marketineko irakasle izan da eta Protokoloaren eta Harreman Publikoen inguruko hainbat mintegi eta biltzarretan hartu du parte.

ESME ESTE-Deustuko Unibertsitateko ikasle batzuek sortu zuten 88/89 ikasturtean. Ordudanik, ESMEk ehunka ikasleren espiritu ekintzailea sustatu du eta prestakuntza praktikoa eskaini die, ezinbesteko eskakizuna baita lan merkatuan sartzeko.

Gaur egun 50 ikasle inguruk osatzen dute, motibazio eta gaitasun handikoak, enpresaren eguneroko jarduerara hurbildu nahi dutenak. Gainera, Deustuko Unibertsitateko irakasleen laguntza ere badute. ESMEk bezero ugari ditu, besteak beste kontabilitateko eta merkatu ikerkuntzako edo inkestetako egitekoak eskatzen dizkiotenak.

'Junior enpresak' benetako enpresak dira, baina unibertsitateko ikasleek osatutakoak, irabazi asmorik gabe. Helburu nagusia da ikasleen prestakuntza praktikoa osatzea eta enpresa-mundura eta lanbidera hurbiltzea, ikasketak amaitu baino lehen. ESTE junior enpresak 50 kide inguru ditu, baina Europan junior mugimenduak enpresen administrazioko eta zuzendaritzako 40.000 ikasle inguru biltzen ditu.