EUSKADI.-Doctor Deseo eta Split 77 taldeetako baxu-joleek emango dute bihar Bilboko Harrapazank programaren laugarren tailerra

Actualizado: martes, 3 marzo 2009 12:53

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolaturiko Harrapazank programa kulturalaren laugarren tailer musikala egingo da bihar. Bertan, Doctor Deseo taldeko Josi Jimenez eta Split 77 taldeko Ekaitz Hernandez baxu-jotzaileek "Baxua, kantaren oinarri erritmikoa" tailerra emango dute.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, Bilborock aretoan egingo da saioa, 19:30etan hasita. Topaketa hau 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako jarduera erakargarri eta berritzaile ugari biltzen dituen ekimenaren barruan dago.

Jabi Onaindia irrati esatariak, moderatzaile lanean, musikariak elkarrizketatuko ditu. Bertan, musikari parte-hartzaileei buruzko aurkezpen multimendia bat proiektatuko da; musikari bakoitzak erakusketa labur bat egin eta publikoaren galderak erantzungo dituzte haien esperientziari, ibilbideari eta erabiltzen dituzten teknikei buruz.

Harrapazank egitasmoaren hurrengo saioa "Ordenagailu bidezko musika sorkuntza" izango da, apirilaren 23an eta 30ean, Ibaiondo-La Bolsa Udaltegian. Jon Elizaldek emango du ikastaroa, zenbait musikari eta musika talderekin ibilitakoa.

Bestalde, Sugan eta Kauta taldeen kontzertua izango da Bilborock aretoan martxoaren 13an, 20:00etan hasita. Sarrerak Bilborocken eta BBK-ren orotariko kutxazainetan, telefono bidez eta interneten egongo dira salgai, 6 eurotan.

Harrapazank programak euskara irakaskuntzatik kanpoko eremuetan eguneroko hartu-emanetako hizkuntza izatea lortu nahi du Bilboko gazteen artean, eta, era berean, euskararen erabilera sustatzea du xede bai eta gazteentzako kultur eskaintza handitzea ere.