EUSKADI.-Donostiako Erraldoi eta Buruhandiak berritu dituzte

Actualizado: martes, 4 agosto 2009 12:18

DONOSTIA, 4 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako kaleetara irten zirela 27 urte aurten betetzen direnean, Erraldoi eta Buruhandiak artisau profesional baten eskuetatik pasa berriak dira, euren aurpegi, jantzi eta egitura berriztatu eta puntu-puntuan uzteko, Aste Nagusiko ikuskizun kolorez betea ematen segi dezaten. Berriztatze prozesua Xabier Garatek burutu du (www.gigantes-garate.com).

Donostia Kulturako iturriek jakinarazi dutenez, aurtengo Aste Nagusian, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak txikienei hiriko auzoetako kaleetatik korriarazi, bere dantza eta jira-bueltekin haien harridura sortu eta haien gozamena egingo du, berriz ere.

Aurten, gainera, erraldoiek agur-ekitaldia egingo dute, festen amaiera dela eta. Abuztuaren 16an izango da, igandean, 21:00etan, San Bizente elizaren atarian, Abuztuaren 31 kalearen mutur batean. Erraldoi eta Buruhandien agur horrekin konpartsa osatzen dutenen eta haien ohiko jarraitzaile ugarien arteko lotura nabarmenago jarri nahi da.

Ekitaldi horretan dantza ugari egingo dira, publiko guztiak ezagutzen dituen hainbat kantaz lagunduta etorriko direnak. Realaren mendeurrena dela-eta omenaldia egingo zaio taldeari, "Txuri urdin" kantatuta, eta egokiera horretarako propio prestatutako eta lehenago sekula plazaratu gabeko dantza bat aurkeztuta. Gainera, Realaren elastikoarekin doazen ume guztiek lepo-zapi berezi bat jasoko dute, Aste Nagusi honen oroigarri.

Buruhandiek gozokiak banatuko dituzte txikienentzat, eta konfetiak, argi-soinuzko emanaldi bat eta amaiera berezia ere izango dira, 21:00etatik aurrera. Amaiera hori "sorpresa handia" izango dela ziurtatu dute.