EUSKADI.-Donostiako hainbat dendatan pistola bat erabiliz egindako lapurreten ustezko egilea atxilotu dute

Actualizado: lunes, 4 mayo 2009 16:35

DONOSTIA, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten joan den larunbatean Donostian, azken hilabeteotan hiri donostiarrean pistola bat erabiliz burututako 16 lapurreten ustezko egilea dela leporatuta. Susmagarria hirugarren graduko erregimenean dagoen Martuteneko preso bat da, eta kartzelatik kanpo zegoela egiten zituen lapurretak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atxilotuak iazko abendutik hona gutxienez 16 lapurreta egin omen zituen Donostiako hainbat dendatan pistola bat erabiliz. Auzo ezberdinetako dendak aukeratzen bazituen ere, larderia erabiliz eginiko lapurreten ia erdia (zazpi) Antiguo-Ibaeta auzo inguruetan egin ziren. Lapurrak hainbat diru lapurtzea lortu zuen.

Ustezko lapurraren ekintzek alarma handia eragin dute gauetan zehar hiriko dendarien artean. Hau dela eta, Ertzaintzak zainketa dispositibo bereziak jarri izan ditu abian susmagarria identifikatu eta harrapatu ahal izateko.

Lapurretak egiteko era beti zen berbera. Lapurra dendara sartzen zen aurpegia buru-beroki batekin edo 'buff' batekin (beti beltz kolorekoa) estalita zuela eta pistola batekin saltzaileari mehatxu egiten zion. Bizikletaz mugitu ohi zen hirian zehar eta ia beti aukeratzen zituen arratsaldeko azken orduak lapurretak egiteko, dendetan saltzaile bakarra egon ohi zela aprobetxatuz; emakumezkoak izan ohi ziren lapurreten biktimak.

Egindako ikerketek ez zuten joan den larunbatera arte emaitzarik izan. Ertzainek susmagarria atxilotu zuten Gros auzoan lapurreta berri bat egin eta berehala, eta itxurazko pistola bat, buru-beroki beltz bat eta dendatik eramandako dirua zeramatzan gainean.

41 urteko atxilotuak hainbat aurrekari polizial ditu eta Martuteneko espetxean zegoen preso; hirugarren graduko erregimena betetzen ari zen. Gaur jarriko dute atxilotua Donostiako Guardiako epailearen esku, beharrezko izapideak bukatu ostean.