DONOSTIA 20 Nov. (EUROPA PRESS) -
Miramongo Matinee-ak zikloaren denboraldiko bosgarren emanaldia ospatuko da larunbat honetan Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian, Orfeoi Txikia protagonista dela, antolatzaileek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.
1988an sortu zen eta bere helburua Donostiako Orfeoiaren geroa ziurtatzea da, baita erakundearen barruan abian dagoen Musika Tailerrean hasitako lanarekin jarraitzea ere. Egun, 8 eta 14 urte bitarteko 160 haurrek osatzen dute, astean bi aldiz elkartzen dira eta abeslari bihurtzeko asmoarekin trebatzen dira bertan. Haurren abesbatza hau Donostiako Orfeoiaren harrobi nagusia da.
Egitarau honekin haur abesbatza batean landu daitezkeen musika eta abesti estiloen ugaritasuna aurkeztu nahi izan du Orfeoi Txikiak, beti ere, bi oinarri sendotatik abiatuz: musikaren alde pedagogikoa eta euskal konpositoreenganako gertutasuna.
Larunbateko kontzerturako, bi zatitan banaturiko egitarau bat aurkeztuko du Orfeoi Txikiak. Lehen zatia eliz musikaz osatuko da, gaur egungo euskal konpositoreek daukaten eliz musikarekiko ikuspegia erakutsi nahian. Ama Birjinaren gorazarrea den "Ave Maria" batek emango dio kontzertuari hasiera, ostean datorren Andre Mariaren omenezko mezaren sarrera gisa. Kredorik gabe, 'missa brevis' eran, eta euskarazko testuekin 2006an konposatutako meza honen ondoren, "Pater Noster" motete erlijiosoarekin itxiko da lehen zatia.
Bigarren zatian musika profanoan murgilduko da. Lehen hiru abestiak euskal folklorearen tradiziotik jaso ditu, arlo honetan garrantzi berezia izan duten bi musikariren eskutik: Javi Busto eta Tomas Garbizu. David Azurzaren bi abestiekin euskal folkloretik gaur egungo musikarako bidea egingo du, eta koru errepertorioetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen diren musika estiloekin (jazz, rap, musika melodikoa, munduko folkloreak) emango dio amaiera kontzertuari.
Matineerako sarrera bakoitzaren salneurria 6 eurokoa da eta egoitzaren leihatilan, kontzertuaren egunean 10:30etatik aurrera eskura daitezke. Matineetarako doako autobus zerbitzua dago, 10:25ean Donostiako Gipuzkoako Plazako 4 zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribideko 18 zenbakian eta Madrilgo Hiribideko 34an geldialdiak egingo dituena.