EUSKADI.-Donostiako XVIII. Poltsikoko Antzerki Jaialdia ospatuko da bihartik hilaren 24ra arte

Actualizado: miércoles, 6 mayo 2009 15:20

DONOSTIA, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako XVIII. Poltsikoko Antzerki Jaialdia ospatuko da bihartik maiatzaren 24ra bitartean, eta formatu txikiko 14 ikuskizun eramango ditu hirira, iaz baino bost gehiago, hain zuzen ere. Guztira, 25 emanaldi eskainiko dituzte Donostiako 23 tabernatan eta aretotan, antolatzaileek azaldu dutenez.

Musika, dantza, antzerkia, magia eta bakarrizketak ardatz hartuta, era askotako ikuskizunak izango dira aurtengo edizioan. Aurpegi berri asko egongo dira gainera, hamar talde eta aktorek lehenengo aldiz ekarriko baitituzte beren ikuskizunak jaialdira. Aurreko urteetan ere egon direnen artean, berriz, Ander Lipus, Jaime Ocaña, Pepin Tre eta Las Torpedolevel daude.

Jaialdia Donostiako auzo gehienetara iritsiko da (Altza, Amara, Egia, Intxaurrondo, Bidebieta, Loiola, Martutene, Igeldo, Antiguo, Gros eta Erdialdea) eta emanaldi guztiak tabernetan izango dira, lau izan ezik: Igeldoko ikastola, Victoria Eugeniako Club aretoa, Etxarriene egoitza eta Añorgako Jolas Etxea.

Bestalde, eskainiko diren ikuskizunetatik bost euskarazkoak izango dira: Le Petit Theatre de Painen "Aulki Hutsa", "Mirande Kabareta", Pantxika Lamurren "Nik egin behar & co", Ander Lipusen "Erregea eta Bufoia" eta Jon Plazaolaren "Munduari partxeak jartzen".