EUSKADI.-Donostiako Zinemaldiak ireki du Zinema Mugimenduan 5 ekimenean izena emateko epea

Actualizado: lunes, 11 mayo 2009 17:21

DONOSTIA, 11 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Zinemaldiak ireki du jada Zinema Mugimenduan 5 ekimenean filmak inskribatzeko epea. Zinema Mugimenduan 5 irailaren 21ean ospatuko da Donostiako 57. Zinemaldiaren barruan, eta izena emateko eta materiala bidaltzeko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Ekimenean izena emateko orria www.sansebastianfestival.com webgunean eskura daiteke, zinenaldi donostiarreko arduradunek gaur jakinarazi dutenez.

Donostiako Zinemaldiak Amienseko eta Friburgoko nazioarteko zinemaldien laguntzarekin antolatutako programa hau, amaitzear edo posprodukzio fasean dauden film luzeez soilik osatuko da. Magrebeko eta portugesez hitz egiten duten Afrikako herrialdeetako zinemagileek har dezakete parte, bai eta garapen bidean dauden herrialde arabiarrek ere, hots, Angola, Aljeria, Cabo Verde, Egipto, Ginea, Irak, Jordania, Libano, Libia, Maroko, Mozambike, Palestina, Sao Tome eta Principe, Siria eta Tunisia.

Hautatutako zuzendariek edota ekoizleek Donostiako Zinemaldiaren 'Sales Office'-an akreditatutako sektore orotako profesionalen aurrean euren filma defendatzeko aukera izango dute.

Zinema Mugimenduan 5 ekimenak hainbat laguntza eskainiko ditu, besteak beste, Mactari nahasketa auditorioak 15.000 euro soinu-nahaste zerbitzuetan; Centre National de la Cinematographie-k 10.000 euro Frantzian posprodukzio gastuak ordaintzeko; Amienseko eta Friburgoko zinemaldiek 35 milimetroko kopia bana; Titra Film-ek 2.500 euroko baliodun frantseseko edo ingelesezko azpitituluak.