EUSKADI.-Durangoko (Bizkaia) 27 saltokik parte hartuko dute asteburu honetan izango den Aukeren Azokan

Actualizado: miércoles, 3 marzo 2010 16:54

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Durangoko (Bizkaia) 27 saltokik euren gaiak jarriko dituzte salgai, beheratutako prezioan, ostiraletik igandera bitartean Landako Gunean egingo den Aukeren V. Azokan. Ekimena +Dendak saltzaileen elkarteak sustatu du.

Haurrentzako ekitaldien programa zabala ere egongo da, eta horrela, neskek eta mutilek ondo pasatu ahal izango dute azokan; izan ere, ipuin-kontalariak, poney-ibiladiak eta tailerrak egongo baitira, besteak beste. Gainera, azokan egiten den erosketa bakoitzak eskubidea emango du hainbat zozketatan parte hartzeko eta Landako Guneko aparkalekuan bi orduz doan aparkatu ahal izateko.

+Dendak elkartearen egoitzan azoka aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan, elkarteko gerentziaren ordezkari Santiago Reyesek azaldu du azoka beti antolatzen dutela merkealdien ondoren, azken denboraldiko gaiak preziorik onenetan eskuratzeko azken aukera bezala.

Urtero, gero eta saltoki gehiagok hartzen du parte azokan -azken edizioan, 24 saltoki izan ziren- eta, era berean, gero eta jende gehiago joaten da azoka ikustera. Reyesek nabarmendu duenez, "Durangoko Aukeren Azokak arrakasta handia du. Jendeari gustatzen zaio, etortzen direnek asko estimatzen dutelako erakusmahaietan ikusgai dauden salgaien kalitatea, prezio merkeak eta azokan izaten den giro ederra".

Azokan egongo diren saltokiek normalean edozein merkataritza-zentrotan eskaintzen diren gaiak jarriko dituzte salgai, baina "oso prezio merkeetan". Azokan ordezkaritza izango duten sektoreen artean daude ehungintza, tresneria-etxearen sektorea, dekorazioa, oinetakoak, kirolak, papergintza, lastaira-dendak, optika, autoak eta kafetegia.

"Bertako saltokiek, azalera handiko merkataritza-guneetan egoten direnek ez bezala, ondo zaintzen dute bezeroa, eta benetan arduratzen dira urtero-urtero sustapen eta deskontu gehiago eskaintzeko. Era berean, kanpaina eta animazioko ekintza ugari antolatzen dituzte kaleetan, udalerria bizirik egon dadin lortu nahi dutelako", azaldu du.

HAURRAK

Azoka egiten den bitartean, haurrentzako ekitaldi ugari izango dira. Egunero, tailerrak eta ludoteka bat izango dira, Berbaro kultur elkarteak bultzatuta. Horrez gain, ostiralean, pailazo batek irudiak moldatuko ditu puxikekin, arratsaldeko 16:30etatik aurrera, lehenik, Landako inguruan, eta gero, Durangoko erdialdeko beste kale batzuetan.

Larunbatean txotxongiloak egongo dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta igandean, berriz, poney-ibilaldiak izango dira Landako ingurunean, goizeko 11:30etan. Bestalde, igande arratsaldean, 17:30etan, ipuin-kontalariak eta txokolatada izango dira.

Eskuratzen den gai bakoitzeko, bezeroak zenbaki bat jasoko du, eta horrekin, zozketa batean hartuko du parte. Hor, hainbat opari zozkatuko dira, hala nola asteburu bat bainuetxe batean, lanbrusko botila-ardo batzuk edota txakolina. Erosketa horiek "Durango txartelarekin" ordaintzen badira, puntuak eskuratuko dituzu. Gainera, erositako produktu bakoitzarekin bono bat banatuko da, eta horrek eskubidea emango du Landako Guneko aparkalekuan doan aparkatzeko bi orduz, azoka egiten den bitartean.

Aurten, azoka ordu gehiagotan egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez egongo baita irekita hiru egunetan; orain arte, arratsaldez hasten zen. Ostiralean ordu hauetan egongo da zabalik: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.