EUSKADI.-EAEk "bilakaera ona" du IKTen ezartze eta erabilera mailan, baina oraindik Europako buruen atzetik, Orkestraren arabera

Actualizado: lunes, 11 mayo 2009 11:21

BILBO, 11 May. (EUROPA PRESS) -

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) inguruan hainbat azterlan bideratu ditu, eta IKTen ezartze eta erabilera mailan EAEk "bilakaera ona" duela ondorioztatu du.

Azterlan horietan, eta EAEn lehenengo aldiz, Europar Batzordearen Joint Research Center ikerkuntzako bateratuko zentroak garatutako metodologia erabili da, zehazki, Negozio Elektronikorako Prestatze mailaren Adierazle Konposatua edo H adierazlea. Adierazle horrek erakutsi du EAE Europaren batez bestekoaren inguruan dagoela, baina pixka bat atzetik.

Enpleguari dagokionez, IKTen sektorean EAEko landunen %1,7 ari da. Espainian ehuneko hori handiagoa da, %2,4, eta alderaketak egiteko erabilitako gainerako herrialdeetan oraindik handiagoa, %3 eta %4 artekoa, alegia. Jarduera informatikoetan eta material elektronikoan kokapena hobea da, jarduera informatikoen azpisektoreak EAEn enplegatu guztien %1,2 hartzen baitu, Espainiaren eta Alemaniaren aurretik, eta material elektrikoaren azpisektoreko enplegua ere handiagoa da EAEn Espainian eta Erresuma Batuan baino.

IKTen eskariari dagokionez, Orkestrak herri administrazioaren IKTetako aurrekontuaren "hazkunde garrantzitsua" azpimarratu du, administrazio digitala "funtsezko elementu traktorea" baita IKT horiek erabiltzeko. Herri administrazioaren barruan Eusko Jaurlaritza nabarmentzen da, ekitaldi batzuetan, inbertsioak bikoiztera ere iritsi baita. Bigarren industria azalduko litzateke, eta ondoren, enpresentzako zerbitzuen sektorea.

EAEko Informazioaren Teknologien Klusterra aztertzerakoan, indargune nagusia EAEko herri administrazioak, eta bereziki Eusko Jaurlaritzak, "informazioaren gizartean elementu traktore izateko egin duen apustu sendoa da". Helburu hori lortzeko aurrekontu handiak eskaini dizkie IKTei eta berrikuntzari eta aukera argia sortu da kluster honetako enpresentzat. IKTen klusterraren ahultasun handiena enpresen tamaina izango litzateke.

ARGITALPENAK

Azterlanek, EAEko enpresek IKTen esparruan duten egitekoaren inguruan aipatutako informazio hori eta beste asko jasotzen dituzte, orain arte modu egituratuan jaso gabe zegoena. Horrela, bi argitalpen digital kaleratu dira, "Las Tecnologias de la Informacion y la Comunicacion en las empresas de la CAPV: analisis comparado y retrospectivo" eta "La demanda, la oferta y el cluster de las Tecnologias de la Información y la Comunicación en la CAPV".

Azken argitalpen horretan, IKTen klusterraren azterketa ere sartu da. Kluster horrek esparru horretan lan egiten duten sektore eta jardueren balio katea eta haiekin lotutako erakundeak hartzen ditu barne.

Lehenengo azterlana Deustu Fundazioko Teknologikoko ikertzaileek egin dute eta bigarrena Ibermaticacko I3B institutukoek. Biak Orkestrako "Lehiakortasuna" bildumaren barruan daude. Bilduma horrek enpresen eta lurraldeen lehiakortasunerako alderdi kritikoak aztertzen ditu eta lehiakortasun hori hobetzeko interesa duten agenteei, eta bereziki erabaki publikoak hartuko dituztenei, gomendioak eskaintzen dizkie.

Orkestrako argitalpen horien laburpen exekutiboak dohainik jaitsi daitezke, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, www.orkestra.deusto.es web-orritik. Webgune horretan bertan erosi daitezke txosten osoak.