EUSKADI.-EAEko biztanleria landuna %0,4 igo zen eta langabezia-tasa %8,7koa zen 2009ko laugarren hiruhilekoan

Actualizado: miércoles, 20 enero 2010 11:55

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan-merkatuaren 2009ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, okupatuak 951.200 ziren hiruhileko horretan, eta beraz, aurreko hiruhilekoan baino 3.400 gehiago ziren (%0,4). Bestalde, langabezia-tasa %8,7koa zen, hau da, 2009ko hirugarren hiruhilekoaren baino %0,4 gehiago, Eustaten datuen arabera.

Landunen eta langabetuen bilakaeren ondorioz, EAEko jarduera-tasa %55,8koa zen 2009ko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekokoaren %0,4 gainetik, hain zuzen ere.

Generoaren arabera, gizonezkoei eragin zien batik bat okupazioaren igoerak, eta okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 4.200 gehiago ziren. Emakumezkoen kasuan, berriz, 700 gutxiago izan ziren. Hiru herrialdeetatik bitan igo zen okupazioa: Bizkaian enplegu garbiak 4.400 gehiago ziren, Araban 100 gehiago eta Gipuzkoan 1.100 gutxiago.

Industrian, Eraikuntzan eta Nekazaritzan enplegua bizkortzen ari da, eta Zerbitzuen sektorean galera izan da. Horrela, Industriak 3.200 enplegu garbi irabazi zituen, Eraikuntzak 1.700 eta Nekazaritzak 800; Zerbitzuen sektorean, berriz, 2.300 gutxiago izan ziren.

Okupazio-tasa -16 eta 64 urte arteko biztanle-kopuruaren gainean landunek duten portzentajea- %65,2koa zen, hots, hiru hilabete lehenago baino %0,3 gehiago. Tasa hori gizonezkoentzat %72,2koa zen eta emakumezkoentzat %58,2koa.

Lurralde historikoetan, okupazio-tasarik handiena Gipuzkoakoa zen, %67,2rekin, eta ondoren Arabakoa, %65,5ekin, bi kasuetan aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago. Bizkaiak izan zuen tasarik txikiena, %64rekin; azken hiruhilekoan puntuko zortzi hamarren hazi zen.

Kontratu mugagabea duten soldatakoen kopurua 7.900 lagunetan hazi zen, 624.800 izanik. Aldi baterakoa dutenak (kontraturik ez dutenak barne) 2.400 gutxiago izan ziren, guztira 161.900 izanik.

Bestalde, 2009ko laugarren hiruhilekoan zenbatetsi da EAEn gutxi gorabehera zeuden 841.300 familia-etxeetako heren batean ez zegoela pertsona aktiborik. Hamarretik ia seian pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 400 familia gutxiago. Pertsona aktibo guztiak langabezian zituztenak 28.000 ziren (guztirakoaren %3,3), aurreko hiruhilekoan baino 4.600 gehiago, alegia.

LANGABEZIA

Langabetuak, hots, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest zeudenak, iazko laugarren hiruhilekoan 90.400 zirela zenbatetsi da, hau da, 4.900 gehiago aurreko hiruhilekoan baino. Emakumezko langabetuen kolektiboak 39.200 lagun hartu zituen (6.700 gehiago). Gizonezkoen artean, 1.800 gutxiago zeuden 2009ko laugarren hiruhilekoan, guztira 51.200 izanik.

2009ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia-tasa %8,7koa zen, hau da, aurreko hiruhilekoaren baino %0,4gehiago. Emakumeen langabeziari dagokionez, %8,5era igo zen (%1,4 gehiago), eta gizonena 0,3 puntu jaitsi, %8,8koa izanik. Gazteen langabezia-tasak altuena izaten segitzen du, %25,4koa; horrenbestez, 16-24 urte bitarteko 14.400 gazte aktibo zeuden langabezian.

Herrialdeka, langabetuen hazkunderik handiena Bizkaian izan zen (2.300 gehiago), langabezia-tasa %9,2koa izanik. Gipuzkoan 23.800 langabetu zeude (2.200 gehiago), eta tasa %7,1koan zen. Araban tasa %10,2koa zen, eta 400 langabetu gehiago zeuden aurreko hiruhilekoaren aldean.

Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, 2009ko azaroan, 27-EBko langabezia-tasa %9,5koa zen, eta Espainiakoa, aldiz, %19,4koa.

AZKEN URTEA

Bestalde, biztanleria landunak behera egin du azken 12 hilabeteetan EAEn. Horrela, 2009ko laugarren hiruhilekoan, 2008koaren aldean, 26.600 pertsona gutxiago zeuden lanean (-%2,7). Jaitsiera horrek gizonei eragin zien batik bat, 19.700 enplegu gutxiagorekin; emakumeen artean 6.800 gutxiago izan ziren.

Langabezia-tasa %4 hazi da azken urtean (%4,7tik %8,7ra). Beraz, 42.700 pertsonak utzi zioten landun izateari EAEn urtean zehar. Araban langabezia-tasa %4,8 hazi da, Bizkaian %4,3 eta Gipuzkoan %3,2, azken 12 hilabeteetan.