EUSKADI.-EAEko industri prezioak %0,4 jaitsi ziren joan den apirilean eta urte arteko beherakada %5,8koa da

Actualizado: viernes, 22 mayo 2009 12:49

BILBO, 22 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren prezioek %0,4 egin zuten behera joan den apirilean. Datu horien arabera, azken 12 hilabeteetako industriaren prezioen aldaketa jaso duen apirileko urte arteko tasak %5,8ko jaitsiera izan du, Eustatek gaur emandako datuen arabera.

Sektoreen azterketa xehekatuenak erakusten duenez, 2009ko apirilean, eta aurreko hilabetearen aldean, hauexek izan ziren inflazio handiena izan zuten adarrak: Petrolioaren birfinketa (%4,9), Industria kimikoa (%0,2) eta Industria ez metalikoa (%0,2). Prezioetan beherakada handiena izan duten adarrak, aldiz, Metalurgia eta gai metalikoak (%-1,9), Energia elektrikoa, gasa eta ura (%-1,4) eta Mineral metalikoak eta ez-metalikoak (%-1,3) izan ziren.

Bestalde, 2008ko apiriletik 2009ko apirilera arteko aldian, prezioen hazkunderik handienak ondoko adarretan eman dira: Mineral metalikoak eta ez-metalikoak (%4,3), Ehungintza eta jantzigintza (%3,1), Makinak (%2) eta Garraioko materiala (%1,8). Prezioen beherakada handienak hurrengo sektoreetan eman dira: Petrolioaren birfinketa (%-33,2), Metalurgia eta gai metalikoak (%-8,6), Manufakturatako beste industria batzuk (%-3,6) eta Zuraren industria (%-2,3).

Xede ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraituz, sektore garrantzitsuenen prezioek apirilean izan zuten bilakaerak joera ezberdina izan zuen guztietan. Horrela, Energiaren prezioek %1,5 egin zuten gora; Kontsumo-ondasunek, osotara hartuta, ez dute aldaketarik izan (%0,0), kontsumo-ondasun ez iraunkorrek gora egin (%0,1) eta kontsumo-ondasun iraunkorrek behera (%-0,1) egin zutelako; Ekipamenduko ondasunak %0,1 jaitsi ziren eta Bitarteko ondasunak %1,3.

Ondasun talde garrantzitsu hauen prezioen bilakaerek urtetik urtera ezberdintasun "nabarmenak" egon direla erakusten dute. Izan ere, Energiaren prezioek %19 egin dute behera, Bitarteko ondasunenak %6, Ekipamenduko ondasunenak %1,6 eta Kontsumo-ondasunenak %0,9; azken hauen artean, %0,9 igo dira kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak eta %0,8 kontsumo-ondasun ez iraunkorren prezioak.