EUSKADI.-EAEko merkataritza ganberek 28 ekimen komertzial antolatu dituzte 31 herrialdetan 2010. urterako

Actualizado: jueves, 21 enero 2010 11:36

BILBO, 21 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko, Arabako eta Gipuzkoako merkataritza ganberek, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntzarekin, merkataritza sustatzeko "programa handinahitsu" bat prestatu dute 2010. urterako, euskal enpresen esportazioak indartzeko. Programak 28 ekimen komertzial biltzen ditu: 26 merkataritza-misio bost kontinenteetako 31 herrialdetan, Habanako Azoka (Kuba) eta Poitiersen (Frantzia) antlatuko den enpresa-topaketa.

Bilboko Merkataritza Ganberako iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez, jarduera horien guztien helburu nagusia da euskal enpresaburuei tresna bat eskaintzea, "2010. urtean nazioartean izango duten egoera ekonomiko larriari aurre egiten laguntzeko".

Jarduera horiekin batera, Bilboko Merkataritza Ganberak laguntza programa bat diseinatu du beste merkatu batzuetan sustapen ekintzak egin nahi dituzten enpresentzat. Laguntza horiek ez dira merkataritza misioen barruan sartzen, eta Esportazioen Sustapenerako Ganbera Planaren bidez gauzatuko dira.

Ekimen horri esker, Bilboko Merkataritza Ganberak laguntza eta aholkularitza eskaintzen dizkie Bizkaiko enpresei munduko ia merkatu guztietan eta "ahalegin handia" egin du bai ekonomikoki eta bai antolakuntzari dagokionean ere, "enpresei une ekonomiko eta komertzial delikatu hau gainditzen laguntzeko". Halaber, nazioarteko zerbitzuak indartuko ditu beste esparru batzuetan ere, esaterako, industriaren azpi-kontratazioan.