EUSKADI.-EAEko txikizkako merkataritzaren salmentak %2,1 jaitsi ziren 2009ko azken hiruhilekoan eta %5,7 urte osoan

Actualizado: viernes, 5 febrero 2010 12:01

BILBO, 5 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) txikizkako merkataritzaren sektoreko salmenta nominalak %2,1 murriztu ziren 2009ko laugarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi beraren aldean, eta horrela, urte osoan %5,7ko beherapena izan zuten, balio nominaletan, Eustaten datuen arabera.

Urte batetik besterako alderaketa egitean, aldiz, sektoreko salmenta kopuruak ez zuen aldaketarik izan (%0,0), gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe betiere. Aurreko hiruhilekoaren aldean, eta estazionalitate-ondorioak zuzendu ostean, salmenten indizeak %0,3ko beherapen nominala izan zuen.

Sektoreka, 2009ko laugarren hiruhilekoan eta 2008ko aldi berarekin konparatuta, honako datuak izan dira: txikizkako merkataritza espezializatuaren salmenta nominalek %2,4 egin zuten behera eta txikizkako merkataritza espezializatu gabearen salmenta nominalek %1,3.

Txikizkako merkataritza espezializatuaren barruan, etxearen hornikuntzarako gaien sektorea azpimarratu behar da, % 9,1eko hazkunde nominala izan baitzuen. Pertsonaren ekipamenduaren sektoreak ez zuen inolako aldaketarik izan hazkunde nominalaren tasetan, baina elikagaien salmentak balio nominaletan %8,9 egin zuen behera eta bestelako kontsumo ondasunen salmentak %8,2.

Txikizkako merkataritza espezializatu gabean, aldiz, bilakaera ezberdinak izan ziren. Horrela, elikadura nagusi duten azpisektoreen salmentek %2,1 egin zuten behera urte batetik bestera, baina gainerako produktuak nagusi dituzten azpisektoreen salmentek %3,5 gora.

Lurralde historikoka, 2009ko laugarren hiruhilekoan txikizkako merkataritzaren salmenta nominalek izan zuten beherapen handiena Araban eman zen (%3,5 behera urte batetik bestera), gero Bizkaian (salmenta nominalek %2,1 egin zuten behera aldi horretan) eta azkenik Gipuzkoan (%1,5 behera).

Txikizkako merkataritzaren salmentek, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, aurreko urtean baino %0,5eko hazkunde erreala izan zuten. Halaber, txikizkako merkataritza espezializatuaren beherapen erreala %1,4koa izan zen, eta txikizkako merkataritza espezializatu gabearena %1,3koa; betiere, 2008ko hiruhileko bereko datuekin alderatuta.

Txikizkako merkataritza espezializatuaren barruan, urte batetik bestera bilakaera ezberdinak eman ziren. Etxearen hornikuntzarako gaien salmenta %8,5 igo zen eta pertsonaren ekipamenduaren salmentak ere hazkunde erreal positiboa izan zuen: %2,5. Hala ere, bilakaera negatiboa izan zutenak ere izan ziren: bestelako kontsumo ondasunek %7 egin zuten behera eta elikagaien salmentek %9, balio errealetan.

Txikizkako merkataritza espezializatu gabearen barruan, euro konstanteetan, elikadura nagusi duten azpisektoreen salmentek %2,1 egin zuten behera eta gainerako produktuak nagusi dituzten azpisektoreen salmentak %3,8 igo ziren.

EAE osoan txikizkako merkataritzaren sektorean lan egiten zuten pertsonen kopuruak %0,7 egin zuen behera 2009. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean.

2009KO BALANTZEA

Urte osoa aztertuta, txikizkako merkataritzaren salmentek %5,7ko beherapen nominala izan zuten. Gasolina-zerbitzuguneak aintzat hartu gabe, ordea, txikizkako gainerako merkataritzaren salmentek %3,4 egin zuten behera. Balio errealetan, sektore osoak %3,8ko beherapena izan zuen eta gasolina-zerbitzuguneak alde batera utzita beherapena %3,3koa izan zen.

Lurraldeka, Gipuzkoak izan zuen portaerarik onena: urte osoan %4,8ko beherapena izan zuen. Gero, Bizkaiak, %5,2ko beherapena izan zuen eta Arabak %9,4koa. Datu hauek guztiak tasa nominaletan atera ziren. Balio errealetan, aldiz, honako beherapenak eman ziren hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %2,5ekoa, Bizkaian %3,9koa eta Araban %6,4koa.

Txikizkako merkataritza sektorean enpleguaren beherapena %3,1ekoa izan zen 2009. urtean, aurreko urteko batez bestekoaren aldean. Lurraldeka honelakoa izan zen bilakera: Araban% 5,1eko beherapena eman zen, Bizkaian %3,9koa eta Gipuzkoan %1,0ekoa.