EUSKADI.-Eako (Bizkaia) Poesia Egunak ospatuko dira uztailaren 18an eta 19an ekitaldiz beteriko egitarauarekin

Actualizado: viernes, 10 julio 2009 19:49

BILBO, 10 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eako (Bizkaia) VI. Poesia Egunak ospatuko dira uztailaren 18an eta 19an, Herrijari Emon Arnasa kultur elkarteak hainbat idazlerekin elkarlanean antolatuta. Nolanahi ere, jardunaldiak aurrera atera ahal izateko eatarrek egiten duten lana "ezinbestekoa" dela adierazi dute gaur topaketen arduradunek. Auzolan bidez egindako jardunaldiak dira, beraz.

Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, gaixorik jada, eta zenbait poema herrian bertan idatzi zituen. Alde horretatik, Arestiren irudia, pertsona eta lana omentzea eta literatur zaletasuna bultzatzea -batez ere poesia- dira Eako Poesia Egunen helburu nagusiak.

Eako Poesia Egunak ez dira jardunaldi akademiko hutsak. Izan ere, elkartrukerako egunak izan nahi dute, literatur zaleak, herritarrak eta idazleak elkarren berri izan dezaten. Horrela, egitarautik kanpokoak egitarauaren baitakoak bezain interesgarriak dira.

Jardunaldien aurtengo irudia Erramun Landak sortu du. Artista eatarrak 40 litografia egin ditu irudi horrekin, eta parte-hartzaile guztiei banatuko zaizkie.

Egitarauari dagokionez, hitzaldiak, irakurketak, solasaldiak, antzerkia edota musika egongo dira, Olga Novo, Iñigo Aranbarri, Rikardo Arregi, Uxue Alberdi, Laura Mintegi, Labea taldea, Amaia Jauregizar, Txili Lauzirika, Hasier Larretxea, Karlos Linazasoro, Anari, Igor Estankona, Iratxe Retolaza, Harkaitz Cano, Itxaro Borda edo Pier Paul Berzaitz bezalako idazle, musikari eta artisten partaidetzarekin, besteak beste.