EUSKADI.-Eboluzioaren teoriari buruzko hitzaldi batekin bukatuko da bihar Bilbon Charles Darwini dedikaturiko zikloa

Actualizado: martes, 24 febrero 2009 11:55

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Jose Manuel Sanchez Ron zientzia historialariak eta hizkuntzalariak "Charles Darwin: su obra y su mundo" izenburuko hitzaldia eskainiko du bihar Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, eta saio honekin amaituko da Charles Darwin zientzilari ingelesaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko Bilbon antolatu den hitzaldi zikloa.

Sanchez Ron (Madril, 1949), zientziaren dibulgatzaile eta zientziaren historiatzaile izateaz gain, Espainiako Real Academia de la Lengua erakundeko hizkuntzalaria da. Fisikan Lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Londresko University College-an doktorea.

Europar herrialde ezberdinetako erakunde zientifiko ezberdinekin lan egin du eta hainbat hitzaldi eman ere, eta zenbait bilduma ere zuzendu ditu, hala nola, "Clasicos de la Ciencia", "Clasicos del Pensamiento" eta "Colecciones Cientificas". Honez gain, zientziari eta bere historiari buruz ere hainbat argitalpen kaleratu ditu.

Ekitaldia Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldien aretoan izango da 19:30etatik aurrera, sarrera libre eta doakoarekin aretoaren edukiera bete arte (300 eserleku). Aurkezpena Jose Maria Mato CIC Biogune eta CIC Biomaguneko zuzendariak egingo du, eta hitzaldiaren ondoren galderen txanda zabalduko da ikus-entzuleen artean.

"Eboluzioa ospatuz - Charles Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena" izenburupean antolatu den hitzaldi zikloa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), 'El Correo'-k, Circulo Esceptico-k, EHUko Biofisika sailak, CSICek eta CIC Biogunek elkarlanean antolatu dute. Izan ere, aurten zientzialari ingelesaren jaiotzaren 200. urteurrena izateaz gain, "Espezieen jatorria" bere teoria ezagun eta aurrerakoiaren 150. urteurrena ere bada.