EUSKADI.-EEEk eta EDAEk 8,1 milioi euro bdieratuko dituzte energiaren eraginkortasunaren alde

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 9 noviembre 2009 15:13

BILBO 9 Nov. (EUROPA PRESS) -

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutu espainiarrak (EDAE) energiaren eraginkortasunaren aldeko apustua sendotu dute. Horretarako, diru-laguntzen asmo handiko plan bat jarri dute abian, Euskadiko enpresen egoera energetikoa hobetu eta faktura energetikoa zein partikularren energia kontsumoa gutxitzeko, bi erakundeetako iturriek gaur jakinarazi dutenez.

EEEren eta EDAIren 2009ko hitzarmena, batez ere, industria, garraio, eraikuntza, zerbitzu publiko eta lehen sektoreari (nekazaritza eta arrantza) zuzenduta dago, nahiz eta, kasu honetan, kogenerazioa, partikularrak eta jabeen komunitateak ere barne hartzen dituen. Deialdi honetan kontuan hartu diren laguntzak azaroaren 30era arte eska daitezke, eta 8,1 milioi euroko aurrekontua izango dute, guztira.

Diru-laguntzak kontu-ikuskaritzei aplikatuko zaizkie, energiaren errendimendua hobetu eta industriako ekipoak, garraio ontzidiak, ureztaketa sistemak, argiztapen publikoa edota auzokide komunitateetako galdarak berritzeko. Era berean, eraikinen zaharberritze energetikoa, euren instalazio termikoetako eraginkortasuna eta isolamendu sistemen zaharberritzea diruz lagunduko dira, besteak beste.

Garraioa da hitzarmenean jasotzen den beste kapitulu bat, eta hiri mugikortasun planak, kontu-ikuskapenak eta parke mugikorren zaharberritzeak diruz lagunduko ditu. Beste alde batetik, udalek diru-laguntza horiek eska ditzakete, euren udalerrien argiztapen publikoaren egokitasuna aztertzeko, eta, behar izanez gero, hura berritzeko. Era berean, urak tratatzeko sistemez arduratzen diren zerbitzu publikoen energiaren eraginkortasuna hobetu ahal izango dute.

Lehen sektoreari dagokionez, eraginkortasun energetikoa hobetzeko planei etekina atera ahal izango zaie, bai ureztatzeko sistemen komunitateetan bai arrantza ontzidietan.

Azkenik, kogenerazioak (energia elektrikoan sortzen den hondakin-beroa aprobetxatzea) aparteko kapitulua izango du. Izan ere, funtsezko energia nola aprobetxatu hobekien erakusten duen adibidea da, eta industrian, zerbitzu publiko eta pribatuetan (osasun edo hezkuntza zentroetan, bulegoetan, etab.) eta etxebizitzen sektorean aplikatzen da.

Diru-laguntzek kogenerazioko instalazio berrietarako bideragarritasun azterketak barne hartzen dituzte, baita dagoeneko existitzen diren kontu-ikuskapenak ere. Halaber, fabriketako ekipoak eta potentzia ertaineko zein txikiko kogenerazio ez industrialak ere nabarmentzekoak dira.

Onuradunei diru-laguntza hauen berri eman eta horiei buruzko xehetasun gehiago eskaintzeko, EEEk bere ateak irekiko ditu Euskadiko hiru hiriburuetan. Lehen informazio batzarra asteazken honetan egingo da, Bilboko Merkataritza Ganberako Negozio Zentroan, goizeko 10:00etan. Ondoren, Gasteizen (azaroaren 13an) eta Donostian (azaroaren 16an) egingo dira.

Contenido patrocinado