EUSKADI.-EHUk 2010eko Nazioarteko Bikaintasun Campuserako hautagaitza aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari

Actualizado: martes, 23 febrero 2010 17:53

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak 2010eko Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programarako EHUren hautagaitzaren ildo estrategikoak aurkeztu dizkio gaur Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari Lehendakaritzan gaur izandako bileran.

Proiektuaren aurkezpenean Jaurlaritzako beste ordezkari batzuk ere izan dira, hain zuzen, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaa eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Unda. Halaber, EHUko Gizarte Erantzukizun eta Unibertsitate Hedakuntzako errektoreordea den Amaia Maseda ere bertaratu da ekitaldira.

Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programa Espainiako Hezkuntza Ministerioak sustatu du. Bere helburua unibertsitateen kalitatea hobetzea da, Espainiako unibertsitate-sistemaren agregazio, espezializazio, bereizte eta nazioartekotzeaz baliatuz. Deialdi honetan unibertsitateek euren campusak Nazioarteko Bikaintasun Campus bihurtzeko aurkeztu dituzten proiekturik onenak aukeratuko dira. Izan ere, deialdi honen xedea proiektu horiek abian jartzeko finantzazioa ematea da, autonomia erkidegoetako parte-hartzearekin garatu daitezen.

EHUtik nabarmendu dutenez, Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programa "funtsezko atala da unibertsitateen modernizaziorako estrategian". Programa honek unibertsitate campus lehiakorrenak nazioartean ospe eta izen ona dutenen artean sustatu nahi ditu, baita bere eskaintzaren kalitatea hobetzen eta irakasle eta ikertzaileen eraginkortasuna sustatzen lagundu ere. Horretarako, helburuak eta ahaleginak bateratu eta erakundeekin, ikerketa zentroekin eta enpresekin agregazio estrategikoak sustatuko ditu.

Deialdiak ezarritakoaren arabera, gobernuek, autonomia erkidegoek, unibertsitateek eta gizarte zein ekonomia eragileek elkarrekin lan egingo dute. EHUk proiektu honetara aurkeztutako hautagaitza sendotzeko, gaurko bilerarekin Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa agerian utzi nahi izan du.