EUSKADI.-EHUk Donostian bilduko ditu Erasmus Mundus External Cooperation Window-ko Europako eta Amerikako 20 unibertsitateak

Actualizado: viernes, 22 enero 2010 14:02

DONOSTIA, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Erasmus Mundus External Cooperation Window 20B mugikortasun proiektua aurkeztuko du datorren astelehenean, urtarrilak 25, Gipuzkoako campuseko Errektoreordetzan, arratsaldeko 15:30etan hasiko den ekitaldian. Mugikortasun sare honetan Erdialdeko Amerika/Mexikoko eta Europako 20 unibertsitatek hartuko dute parte, eta EHUk koordinatuko du.

EHUtik gaur jakinarazi dutenez, aurkezpen-ekitaldiak urtarrilaren 26ra arte iraungo du. Izan ere, proiektuaren berri emateko eta bi kontinenteetako unibertsitate parte-hartzaileen arteko lankidetzarako sare berriaren oinarriak finkatzeko saioa izango da egun horretan.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea izango da ekitaldiaren buru, eta bertan izango da Clivio Casali Europar Batasuneko AECEA (Education, Audiovisual & Culture Executive Agency, deialdiaren sustatzailea) agentziako ordezkaria ere. Proiektuan parte hartuko duten unibertsitateetako ordezkariak eta hainbat herrialdetako enbaxadetako eta kontsulatuetako ordezkariak ere bertaratuko dira.

EHU buru duen partzuergoa 11 herrialde hauetako unibertsitateek osatzen dute: Belgika, Finlandia, Frantzia, Italia, Polonia, Espainia, El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko eta Nikaragua. Proiektuak Amerikako eta Europako 20 unibertsitate horien artean mugikortasunerako eta lankidetzarako sarea sortzea eta ikasleen nahiz irakasleen trukeak erraztea ditu helburu. Europako Batzordeak hiru milioiko finantziazioa eman dio proiektuari, EHUk kudeatzeko.

Partzuergoko 20 erakundeetako ikasle, tituludun eta irakasleak ez ezik, Erdialdeko Amerikako herrialde horietako gainerako ikasle edo tituludunak ere programaren onuradunak izango dira. Arreta berezia eskainiko zaie arrazoi etnikoak, ekonomikoak edo politikoak direla-eta zaurgarritasun-egoeran daudenen edo talde indigenetako kide direnen eskaerei.

Parte-hartzaileek gradu-ikasketak, masterrak, doktoretza-ikastaroak eta ikaskuntzako nahiz ikerketako proiektuak egin ahal izango dituzte, eta egonaldiak sei hilabetetik 20ra bitartekoak izango dira. Matrikularen, bidaiaren eta aseguru medikoaren kostuak ordaintzeko bekak izango dituzte, eta 1.000 eta 2.500 euro bitarteko diru-kopurua jasoko dute hilero.

Erasmus Mundus programak bigarren faseari emango dio hasiera aurten, eta fase hori 2013. urtera arte luzatuko da. Erakunde antolatzaileek lehen fasean (2004-2008) ondo egindakoak kontuan hartuko dituzte, eta Europaren eta munduko gainerako lekuen arteko truke akademikoak sustatzen jarraituko dute.