EUSKADI.-EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zitek Bilbao enpresen mintegi berria inauguratu dute

Actualizado: lunes, 20 julio 2009 15:43

BILBO, 20 Jul. (EUROPA PRESS) -

Zitek Bilbao zentro berria inauguratu dute gaur Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak. Zitek Bilbao zentroa oinarri teknologikodun enpresen mintegia da eta EHUko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan kokatuta dago. Mintegi hau gaur bertan erakundeek zentroa martxan jartzeko sinatu zuten hitzarmenarekin jaio da.

EHUren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmen hau 2011. urtera arte egongo da indarrean eta ondoren aipatzen diren konpromisoak biltzen ditu: batetik, EHUk 200 metro karratuko espazio bat egokituko du; bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapenaren Sailak 431.289 euroko inbertsioa egingo du; azkenik, Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Europar Zentroak laguntzeko bitarteko eta erremintak eskuragarri jarriko ditu.

Mintegi berri honek Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoan dagoen Portugaleteko Unibertsitateko Enpresa Mintegiak eta Leioan dagoen Zitek Mintegiak ematen duten eskaintza osatzen du. Bi erakunde hauek 1999tik eta 2007tik garatzen dute beraien jarduera, hurrenez hurren, eta bi dira helburu nagusiak: bata, unibertsitatean kultura ekintzailea hedatzea eta bestea, oinarri teknologikodun enpresa berrien sorkuntza sustatzea.

Zitek Bilbao zentroak, kultura ekintzailea eta enpresa berrien sorkuntza sustapenaren bidez, EHUk enpresa-mundura hurbiltzeko duen politikaren ildoa jarraitzen du. Era berean, unibertsitateko irakasleen eta enpresetako profesionalen artean lankidetza sustatuko du eta baita titulatuei laneratzea erraztu ere. Zitek Bilbao zentroaren inaugurazioa etorkizuneko estrategietako baten hastapenekin identifikatzen du EHUk, Parke Zientifikoarekin, alegia.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dagoen enpresen mintegi berri honek Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapenaren Sailaren helburu estrategikoak ere biltzen ditu, hots, espiritu ekintzailea estimulatzea, enpresa berritzaileen sorkuntza sustatzea eta sektore berriak bultzatzea.

EZAUGARRIAK

Zitek Bilbao zentroak 200 metro karratuko espazioa hartuko du EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Horietatik 55 metro koadro eremu komunerako izango dira eta bertan hainbat zerbitzu egongo dira. Beste 25 metro karratu sustatzaileei eskainita daude enpresen sortze prozesuaren lehenengo fasean.

Azkenik, beste 120 metro karratuak oinarri teknologikodun enpresa berrien lau moduluren artean banatuko dira eta, beraz, gune hau inkubagailu edo sortze fasera zuzenduta egongo da. Enpresa hauek hiru urtetan egon daitezke instalazio hauetan oso prezio onean. Laugarren urtean aldiz, prezioak altuagoak izango dira kanpoko higiezinen merkatuko baldintzetara egokitzen joateko.

Mintegiak eskaintzen dituen zerbitzuak ez dira proiektuaren garapenerako gune fisiko bat ematera soilik mugatzen. Era berean, mintegiaren arduradunek beste zerbitzu hauek ere eskainiko dituzte: agenteek enpresak sortzeko beharrezko dituzten ekintzetarako laguntza zuzendu eta koordinatzea, negozio plana eratzeko tutoretza eskaintzea, finantzaketa nahiz baliabideen bilaketa egin eta prestakuntza ematea.

Halaber, proiektuen eta enpresen artean egon daitezkeen sinergietatik etekina lortzea da helburua, dela mintegiaren babesa dutenen artean izan daitezkeenak, dela unibertsitatetik kanpokoekin egon daitezkeenak, hartara baliabideak optimizatu eta ekimenak indartzeko.

Gaur egun 11 enpresa dira EHUko mintegietan kokatuta daudenak (hala Portugaleteko Mintegian nola Leioako Zitek Mintegian) eta beste 12 enpresek osatu dute dagoeneko beraien ibilbidea zentro hauetan.